Tras las elecciones del 1-M
Gasteizko Gobernua Ibarretxek gidatu behar duela uste du Aralarrek
GARA |
Juan Jose Ibarretxe berriro ere lehendakari izatearen alde agertu zen atzo Aralarren Gipuzkoako zerrendaburu Aintzane Ezenarro, hauteskundeetako emaitzak aztertzeko helburuarekin Radio Euskadi irratian egindako elkarrizketa batean.
EAJren hautagaiari ordainetan ezer eskatu gabe, irmotasunez adierazi zuen Ibarretxek gidatu beharko lukeela Lakuako hurrengo Gobernua. Ezenarroren iritziz, aukerak ugari izan badaitezke ere, «Juan Jose Ibarretxe da garaile garbia, eta berak gidatu beharko luke hurrengo Gobernuaren osaketa».
Ezker abertzalearen ilegalizazioa gertatu den arren, «herri honen gehiengoa abertzalea dela» agerian geratu dela esan zuen, eta «hautagai abertzale batek» irabazi dituenez hauteskundeak, ohartarazi zuen «lehendakari abertzale bat egotea» izango litzatekeela «zentzuzkoena».
Parlamentuko «aritmetikak» direla-eta, beste alderdi batek zuzendutako Gobernu bat gerta daitekeela onartu zuen Aralarreko ordezkariak, baina bakoitza bere bozekin egiten duenaren «erantzule» izango dela adierazi zuen «herri honek lehendakari abertzale bat egotea eskatu baitu».