GARA > Idatzia > > Eguneko gaiak

Tras las elecciones del 1-M

EB-k ez duela beren proiektuak gizarteratzen asmatu adierazi du Aranak

p008_f02_097x172.jpg

GARA |

Gasteizko Legebiltzarrean parlamentari bakarrarekin geratu ondoren, Ezker Batuak (EB) hauteskundeetan lortutako emaitzak «txarrak» izan direla onartu zuen atzo Mikel Aranak.

Alderdia ez dela gai izan bere proiektuak gizarteratzeko aipatu zuen EBren bozeramaileak galeraren arrazoiak azaltzean, eta horregatik, «zuzendaritza osoa bilduta», halako emaitzak zerk eragin dituen ulertzeko analisia egin behar dutela esan zuen.

Azaldu zuenez, Lakuako hirukoaren kide izan diren EArentzat eta EBrentzat emaitzak «txarrak» izan dira, EAJrentzat «bikainak» izan diren bitartean, eta horrek «bozak norantz joan diren erakuts dezake».

Ildo horretatik, hiru parlamentaritatik bakar batera murriztea ez zutela espero esan zuen, baina onartu zuen horiek direla «mahai gainean» dituzten emaitzak.

Cayo Lara: «Kaxkarra»

Izquierda Unida IUko koordinatzaile nagusi Cayo Larak EBk barne hausnarketa sakona egin beharko duela adierazi zuen, lortutako emaitza «kaxkarraren» ondorioz.

Lararen iritziz, nahitaezkoa da EBk hausnarketa egitea jasotako babes eskasaren gainean, ez baita ulertzen EAJrekin Lakuako Gobernua osatu ondoren, Estatu espainolean babesa galtzea eta aldi berean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan ere bai.

IUko ordezkariak gaineratu zuen etxebizitza eta gizarte gaietan Madrazok betetako lana hautesleek ez dutela aintzat hartu, eta «bozetan jasotako zigorraren arrazoiak» aurkitu behar dituztela. Nolanahi ere, argi utzi zuen EBk askatasun osoa izango duela nahi dituen erabakiak hartzeko, eta oraindik ez duela Madrazorekin hitz egin dimisioa aurkeztuko duen ala ez argitzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo