GARA > Idatzia > > Ekonomia

Emakumeekiko kontratazio eredu diskriminatzailea salatu du LABek

Martxoaren 8a, Emakumearen Nazioarteko Eguna, ate joka dugu. Emakumearen eskubideak aldarrikatzeko eguna. Aurten, krisiaren testuinguruan datorkigu eta LABek emakume langileen egoeraren azterketa sakona aldarrikatu du. Aldaketa politiko, ekonomiko eta sozialaren beharra azpimarratu du sindikatuak eta aldaketak emakumeen eskubideen errespetuari erantzun behar diola adierazi du.

p031_f01_148x104.jpg

Amaia ZURUTUZA |

«Krisia... emakumeon borrokarako aukera!» lelopean ospatuko du aurten LAB sindikatuak Martxoaren 8a, Emakumearen Nazioarteko Eguna. Ospakizuna baino aldarrikapenerako eguna izango da, emakume langileen eskubideen defentsa egin eta horien eskubide urraketak salatzeko eguna.

LAB sindikatuko emakume arloko hainbat delegaturekin batera, Ainhoa Etxaide idazkari nagusiak, estrategia sindikala hartu zuten hizpide atzo emandako prentsa agerraldian, eta horren barruan, emakumeek bizi duten egoera aztertzeko beharra. «Gure estrategia eta eredu sindikalari begirako hausnarketa egin behar dugu. Lehentasunak finkatu eta eraginkortasuna irabazi behar dugu», adierazi zuen Etxaidek, eta «Martxoaren 8ko testuingurua» hausnarketa horretan sakontzeko aukera aparta dela gaineratu zuen.

LABek langile borrokan fase berri bat irekitzeko beharra azpimarratu berri du, «bizi dugun testuinguru larriaren aurrean», eta hein horretan egoera ekonomiko eta sozialaren aldaketa lortzeko «ofensiba sindikal bat» gorpuztu behar dela aldarrikatu du, «Euskal Herriak behar duen aldaketa politiko eta sozialari bultzada bat emateko». Eta aldaketa hori gauzatu dadin ezinbestekotzat du «langile borroka nola indartuko dugun eztabaidatzea».

Etxaidek azaldu zuen bezala, aldaketak, gainera, «emakumearen eskubideen errespetuari» erantzun behar dio, «emakumeok behar ditugun aldaketa estrukturalak» finkatu beharko ditu. Aldaketa prozesua indartzeko langileriaren ekimena indartu behar da Etxaideren iritziz, eta horretarako, ezinbestean, «emakumeen indarra prozesu horretara ekarri behar da». Haren hitzetan, langile mugimenduan, langile borrokan, fase berri bat irekitzekotan, hori «ezinbestean, emakumeen borrokatzeko gaitasuna handitzetik etorriko da», eta aldaketa prozesu horrek, «ezinbestean, emakumeen egoerari erantzun eraginkor eta erreal bat eman behar dio».

Kalitatezko enplegua

Ukatuak eta urratuak diren eskubideak bermatzea lortzeko bidean, beraz, «langileriaren borrokan eta sindikalgintzaren estrategian» sakondu behar dela nabarmendu zuen Etxaidek; emakumeei dagokionez, honakoa adieraziz: «Ezinbestean sakondu behar dugu emakumeen lan eskubideen defentsa eraginkorra egingo duen estrategia sindikala indarberritzean».

Horretarako lehentasunak finkatu behar dira, eta bi eremu azpimarratu zituen Etxaidek, emakumeen eskubideak bermatzeari dagokionez.

Batetik, kalitatezko enpleguaren defentsa aldarrikatu zuen: «Sektore feminizatuetan aurkitzen diren lan egoerak, lan mundura sartzerakoan emakumeek jasaten dugun diskriminazioa eta bai sektore batzuetan, bai kontratazio ereduari dagokionez, emakumeak bizi duen diskriminazioa» aintzat hartu behar direla adierazi, eta gaineratu zuen «enplegua defendatu behar da, baina eskubideen bortxak behar bezala aztertuz eta horiei behar bezala erantzunez».

Horrek emakume langileen egoeraz «azterketa sakona» egitea eskatzen duela azaldu zuen, eta estrategia orokorrean emakumeen egoerari aurre egingo dion estrategia zehatz eta berezia eraiki behar dela.

Kalitatezko enpleguan batetik, eta bestetik aberastasunaren banaketan oinarritutako politiken beharra azpimarratu zuen. Eskubide sozialak aitortu, errespetatu eta batez ere babestuko dituen politikak gorpuzteko beharra aldarrikatu zuen Etxaidek: «Zerbitzu sozialen sarea indartu behar da, sistema publikoak eskaintzen ez duen babesa emakumearen bizkarrean geratu ez dadin». Hori lortzeko «ezinbestean emakumeei prestazio sozial duinak edukitzeko eskubidea bermatu behar zaie».

Martxoak 8an, beraz, krisialdi betean gauden honetan, emakumeen egoera zehatza kaleratu behar da Etxaideren iritziz. «Emakumeek bizi dugun egoeraren aurrean salaketa indartu behar dugu, mobilizaziorako deia eginez». Emakumeez gain, sindikalgintzak ere erantzuna indartu behar duela gaineratu zuen.

Bide horretan, batez ere, hausnarketaren beharra azpimarratu zuen. «Hausnartu behar dugu langileek bizi dugun egoerari borroka fase batekin erantzungo badiogu, nola jasoko dituen borroka horrek emakumeen eskubideen defentsa, eta zein eredu eta bitarteko sindikalekin lortuko dugun lan mundura sartu diren milaka emakume horiek eta lan mundutik baztertuta dauden milaka emakume horiek borrokara gehitzea, eta beraien indarrarekin aldaketa prozesua bultzatzea».

Izan ere, Etxaidek esan zuen bezala, emakumeez hitz egiten dugunean «jendartearen erdiaz hitz egiten ari gara». Eta emakumeek bizi dugun egoera iraultzeko «jendarte eredu hau errotik auzitan jartzeaz ari gara hitz egiten», esan zuen. «Ziur gaude, emakumeak borrokara gehitzen badira, emakumeen defentsan zentratutako estrategia bat garatzen badugu, ezinbestean bestelako eredu sozial, politiko eta ekonomiko baten aldeko urrats erabakigarria emango dugula», gehitu zuen.

Oraingoz, igandera bitarte ekimen eta protesta ugari izango dira, eta Martxoaren 8an mobilizazio eguna izango da.

Calentando la semana para culminarla tomando las calles el día 8

El sindicato LAB realizará diferentes actos y movilizaciones en el contexto del 8 de marzo. El 5 de marzo trasladará su protesta a diferentes empresas por la discriminación que ejercen contra las mujeres, como es el caso de la empresa Tamar de Erandio- con una plantilla de cocineros y camareras entre otros- que al finalizar los contratos con la subcontrata con la que trabaja no ha recolocado a ninguna mujer «porque el trabajo es muy duro, de esfuerzo físico». También se concentrará frente a la empresa Recticel Iberica, de Amurrio, que ha presentado un ERE que afecta al 90% de las mujeres empleadas. No faltará la crítica a la administración publica, en protesta por las políticas públicas que no cubren necesidades básicas como el cuidado a personas necesitadas, cuestiones que recaen en muchos casos sobre las mujeres. Se concentrarán frente al Gobierno de Nafarroa.

El día 6 realizarán concentraciones en cinco capitales de Euskal Herria, así como asambleas con los delegados del sindicato. Y el 8 de marzo la cita será en la calle, con diferentes movilizaciones en pueblos y ciudades de toda Euskal Herria. A. ZURUTUZA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo