Ez ote da goiaingerurik beharko dragoi hau hiltzeko
Vidorretarenek Quakenbrucken garaipena lortzen baldin badute, edo Lietuvos Rytasek Spirou Charleroiri irabazten badio, zortziko finalerako txartela lortuko dute bilbotarrek. Artland Dragonsek ez du aukerarik.
Arnaitz GORRITI | BILBO
IX. mendeko kondaira baten arabera, dragoi bat herri bateko ur iturri baten jarri zen bizitzen. Herriko jendeak, urik lortuko bazuen, dragoia mugiarazi behar zuen, eta horretarako egunero giza sakrifizio bat egin behar zioten. Erregearen alaba sakrifikatzeko txanda iritsi zenean, honek bere alabaren bizia salbatzeko errezatu zuen, eta dragoiak neskatxa jan behar zuen unean Kapadoziako San Jorge goiaingerua azaldu zen dragoia hil eta erregearen alaba salbatzeko.
Bada, Artland Dragonsi Quakenbrucken irabazteko, San Jorge edo beste goiaingeruren bat azaltzeko beharrik ez ahal du izango Iurbentia Bilbao Basketek! Berez, Last 16 honetan lortutako emaitzak kontuan hartuta, bizkaitarrek ez lukete ezinezko Artland Arena pabiloian garaile ateratzea.
Jokoan asko dute Txus Vidorretarenek. Artland Dragonsi irabaziz gero, apirilaren 2tik 5era jokatuko den Turingo zortziko finalean lehiatzeko aukera izango lukete beltzezko gizonek. Galduta ere, azken faserako sailkatuko lirateke bizkaitarrak, baldin eta Lietuvos Rytasek Spirou Charleroiri irabaziko balio. Beltzezko gizonen denboraldiko helburu garrantzitsuenetakoa Turinen egotea dela kontuan harturik, oso garrantzitsua da gaur arratsaldeko neurketa talde euskaldunarentzat.
Artland Dragonsentzat, aldiz, garrantzirik ez dauka gaurko partidak. Aurreneko fase ona egin bazuen ere, Alemaniako taldeak indarra galdu du Last 16 honetan, eta jokaturiko lau neurketetan galtzaile atera da. La Casillan, esaterako, 71-62 nagusitu ziren Txus Vidorretaren gizonak, partida eskas bat jokatu ondoren.
Adorez gainezka
Azken kanporaketara sailkatzeko zorian egoteak baino, pasa den larunbatean Real Madrili Barakaldon irabazi izanak indartu die bilbotarrei kemena. Behingoagatik, sailkapenean gorago dagoen aurkari bati irabazteko gai izanak, bilbotarren zaleei indarra eta itxaropena berpiztu dizkie.
«Sailkapena lortzeko aukera bikoitza dugu», onartu zuen Txus Vidorretak. «Charleroik partida biak galduta nahikoa izango litzateke guretzat, baina Turinerako txartela handikiro eskuratu nahi genuke. Larunbatean Real Madrili irabazi izanak sorturiko poza berretsi dadila nahi dugu, eta sailkapena eskuratzeak emango digun poza, bide batez, Ligan ere azal dadila», adierazi zuen.
Indautxuko entrenatzailearen iritziz, «La Casillan aurkitu genuen aurkariarekiko dezenteko aldaketa nabarituko dugu. Manresako jokalari izandako Tobi Baileyk urruneko jaurtiketa hobea emango die alemaniarrei. Bestetik, sailkatzeko aukerarik ez dutenez gero, presiorik gabe jokatuko du Artland Dragonsek eta hori ere kontuan izan beharko dugu».
Paco Vazquezek, berriz, «mentalizazio» beharra azpimarratu zuen. «Larunbatean bezain kontzentraturik bagaude, asko izango dugu irabazita», onartu zuen Ibizakoak.
Talde bizkaitarrak Quincy Lewisen baja baino ez du izango eta zenbait jokalari, Damir Markota batik bat, oso sasoi onean. Goiaingeru beharrik gabe ere, bilbotarrek dragoia garaitu behar lukete, berez...