GARA > Idatzia > > Kultura

«Fotogramas» zinema aldizkariak Rosalesen «Tiro bat buruan» aukeratu du 2008ko film onena

Datorren astelehenean, martxoaren 9an, Madrilen banatuko ditu zinema aldizkariak Fotogramas de Plata 2008 sariak. «Tiro bat buruan» eta «Antes que el diablo sepa que has muerto» aukeratu ditu film onenak.

GARA | MADRID

«Fotogramas» aldizkariak Jaime Rosales zuzendariaren «Tiro bat buruan», iazko Zinemaldian aurkeztu zen pelikula, aukeratu du iazko film hoberena, eta Fotograma de Plata saria eman dio. Sidney Lumeten «Antes que el diablo sepa que has muerto» izan da sari hori merezi izan duen beste filma.

«Fotogramas» aldizkariak zinema kritikariei iaz estreinatutako Estatuko zein atzerriko pelikularik onenak aukeratu ditzan eskatzen die, Fotogramas de Plata sariak banatzeko. Eta berrogeita bi kritikarik Jaime Rosales katalanarena eta Sidney Lumet estatubatuarrarena aukeratu dituzte sarituak izateko.

Estatuko zinema, telebista eta antzerki antzezle hoberenaren sariak berriz, aldizkariko irakurleek aukeratu ohi dituzte eta iazkoak bihar jakinaraziko ditu «Fotogramas»ek, eta Madrilen datorren astelehenean egitekoa den gala batean eman. Hautagaien artean, antzezle ezagunak aurkitzen dira, hala nola Penelope Cruz, Maribel Verdu, Miguel Angel Silvestre eta Blanca Portillo. Dagoeneko iragarri dutena «antzezle bizitza oso bati» eskaintzen dioten sariaren irabazlea da: Jose Sazatornil.

Fotogramas de Plata 2008 eskuratzeko finalistak, zinema aktoresa onenaren atalean, Marian Alvarez («Lo mejor de mí»), Penelope Cruz («Vicky Cristina Barcelona») eta Maribel Verdu («Los girasoles ciegos») dira. Gizonezkoen atalean, berriz, Raul Arevalo («Los girasoles ciegos»), Javier Camara («Fuera de carta») eta Eduard Fernandez («3 días»).

Telebistari dagokionez, aktoresa onenaren sarirako Amparo Baro («El Internado»), Carmen Machi («Aida») eta Patricia Vico («Hospital central») dira hautagaiak. Eta gizonezkoetan, Imanol Arias («Cuéntame como pasó»), Paco Leon («Aida») eta Miguel Angel Silvestre («Sin tetas no hay paraíso»).

Sariei dagokienez, bukatzeko, antzerkiaren atalean hautatuak aipatuko ditugu. Emakumeen artean hautagaiak Anabel Alonso («Nunca estuviste tan adorable»), Blanca Portillo («Barroco») eta Maribel Verdu («Un dios salvaje») dira, eta Juan Diego Botto («Hamlet»), Paco Leon («Estas ahí?») eta Jordi Rebellon («Mentiras, incienso y mirra») gizonezkoetan.

Saria bilatuenari

Aurten berritasun bat ere bada, sari berri bat sortu baitu «Fotogramas»ek, aldizkariaren webgunean antzezle bilatuena izan denari dagokiona. Atal honetako aurreneko saria eskuratuko duen antzezlea Penelope Cruz, Miguel Angel Silvestre edo Javier Bardem izango da.

SARI BERRIA

Filmik onenak ez ezik, Fotogramas aldizkariak zinema, telebista eta antzerki munduko antzezle hoberenak ere saritu ohi ditu. Aurten gainera, beren webgunean bilatuena izan den antzezlea sarituko dute.

Fitxa

Data: Datorren astelehena, martxoak 9.

Tokia: Madril.

Sariak: Fotogramas de Plata, 2008.

Antolatzailea:

«Fotogramas» aldizkaria.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo