Yves Matxikote EHEko kidea
Euskara arrisku larrian, eta harro?
UNESCOk ez du euskararen egoera zehatza, zatitua, kontuan hartu. Egoera globalizatu du, Euskadiko Autonomia Erkidegokoa oinarritzat hartuz
Aurten UNESCOk, 1995ean eta 2001ean egin zuen bezala, hizkuntzen atlas berria ezagutzera eman du. Bertan, 2.500 hizkuntza arriskuan daudela erakusten digute, euskara barne. Erreakzio guti entzun da gai honi buruz, eta entzun izan ditudanak behintzat, betiko mespretxua erakutsi digute. Egia da, «arrisku larrian» izendatzetik «ahuldua» eta «zaurgarria» izatera pasa duela Europako erakundeak. Baina ikuspegi horrekin egoten denak ez du urrunegi begiratu, eta asmo txar eta manipulazio gogoekin ibiliko da.
EHUko irakasle batek ongi azaltzen zuen bezala, UNESCOk ez du euskararen egoera zehatza, zatitua, kontuan hartu. Egoera globalizatu du, Euskadiko Autonomia Erkidegokoa oinarritzat hartuz. Horren ondorioz dago zaurgarrien atalean sarturik gure hizkuntza. Alta, zehaztapenak ekarri ditu ondoren erakunde berak, hala nola Nafarroa Garaian arriskuan dagoela eta frantses Estatuaren menpe dauden herrialdeetan berriz, arrisku larrian. Erreakzio guti beraz, argazki honen aitzinean.
Patxi Baztarrikak, Elebideren emaitza kaxkarrak azaltzearekin batera bota zuen bere iritzia: «Kezkatua naiz iparraldeko transmisioaren gabeziarekin». Hara hizkuntza sailburu gisa ikasi duen guziaren fruitua! Hizkuntza transmisio naturala ez delako gehiago egiten, horregatik bakarrik galtzen dela euskara! Ze trufa! Gehiagotan etorri beharko luke Euskal Herri tropikalera, edo behintzat, txeke bat izenpetzera joan-jin azkar bat baino, egonaldi ederra burutu beharko luke! Lapurdi, Baxenabarrek eta Xiberoak duten gauza exotikoa, hizkuntza mailan, Haitik pairatzen duen miseria gorriarekin konpara daiteke, Saudi Arabiako printzeen jauregien luxuarekin baino! Eta debeku guziak jasan eta gero, euskaldunoi errua bota behar oraindik! Lotsagabea!
Okerrena, Patxik jarraitzaile onak dituela... Izan ere, Jaurlaritza eta Euskararen Erakunde Publikoa (EEP) eskuz esku dabiltzanez itxurakerietan eta dirua zuritzen, Frantxua «ez hain Matiak» segida hartu dio.
Harro agertu zaigu EEPko lehendakariordea UNESCOren sailkapena politikariek euskararen alde egiten duten lanaren isla baita! Behintzat ados gaude, baina ez dut uste interpretazio berdina egiteagatik denik! Hau bai, euskalduna, baina anti-euskara, ez dago bestela ulertzerik!
Noiz sartuko dira gizadiaren aurkako krimenetan, hizkuntza komunitateen aurka egindakoak? Eta horiek burutu dituztenak, noiz epaituko dituzte?
Bitartean, Jaurlaritzaren Elebide jostailu ziztrinak 250 kexa biltzen dituelarik, Hizkuntza Eskubideen Behatokiak bere lana behar den bezala burutzen segitzen du. Milaka kexa jasotzen ditu eta nazioarteko guneetan eragiteko baliatzen ditu, besteak beste. Eta horrela segitu beharko du, politikari anti-euskaldun horien politikak eta mespretxuak salatuz. Horrela segitu beharko dugu, Euskal Herri euskalduna eraikitzen ere, behar dugun hizkuntza politika eraginkorra iritsi bitartean.
Posible baita! Hor dugu katalanen adibidea, behin baino gehiagotan jarri duguna. Aski da Generalitateko biltzarrak ikustea ohartzeko espainolistenak ere katalanez mintzo direla; aski da Interneten nabigatzea, dituzten webgune eleaniztunetan, baita merkatuko webgune famatuenetan ere katalanaren aukera antzemateko hizkuntzen aukeren artean! Eta hara Unescok arriskutik kendu duela latinki hau, erabat! Zorionak horiei... bemol tipi batekin hala ere, hemen ere, jakobinoek lanean segitzen baitute Perpyña aldean...
Borroka dezagun ba, euskarak zor zaion lekua berreskura dezan, euskaldunak ezagutuak izan gaitezen eta euskaraz bizi ahal izan dezagun!