GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Aberri Egun bateratua, aldaketa sakonetarako irrika kutsatzeko

Sektore eta pentsamendu ezberdinetako herritarrak dira, baina badute lokarri bat: Euskal Herria. Eta nazio horretan sinesten dutelako, heldu den apirilaren 12an Irunetik Hendaiara «zubi berri bat» eraikitzeko gonbidapena egin diote jendeari. Eguneko deialditik harago, abertzaleek, bakoitzak bere inguruan, herriaren alde daudela erakuts dezatela ere eskatu dute, ekimenak bultzatuz eta leihoak, balkoiak, zuhaitzak ikurrez betez; ikus ditzaten, elkar ikus dezaten.
p019_f02_199x116.jpg

Maider IANTZI |

Hitzordua apirilaren 12an da, 11.30ean Irungo Ficoban. Nazio martxa bat eginen dute bertatik Hendaiara, «herritarren olatuarekin Estatu frantsesak eta espainolak jarritako mugak gainditzeko», esparru politiko berri bat, «burujabetza osoa berreskuratzeko aukera zabalduko duena», lortzeko erronka indartsu agertzeko.

Eńaut Elorrieta Ken7 musika taldeko abeslaria, Tasio Erkizia ezker abertzaleko militante historikoa, Ino Galparsoro Arrasateko alkatea, Izaskun Guarrotxena Bilgune Feministako kidea, Joxan Oiz irakaslea, Erruki Ezkurra Bai Euskal Herriari ekimeneko kidea... Dozenaka lagun bildu ziren atzo eguerdian Donostiako Miramar jauregian, Aberri Egun bateratu horretan parte hartzera animatzeko. «Euskal Herrian aldaketa sakonak gerta daitezen gogoz gaude eta gogo hori kutsatu nahi dugu gure herriaren luze-zabalean», adierazi zuen Maite Aristegi Nazio Eztabaida Guneko ordezkariak.

Gune horretan harreman dinamika bat sustatu dute eta horren emaitza izan zen agerraldia. Datozen asteetan dinamika hedatzen jarraitzeko asmoa dutela jakinarazi zuten, Euskal Herria osatzen duten gizon-emakumeek nazioaren eraikuntzan eta etorkizunean betetzen duten eginkizuna berebizikoa dela eta munduaren aurrean sendo agertu behar dutela pentsatzen dutelako.

Erruki Ezkurrak nabarmendu zuenez, Aberri Eguna hitzordu garrantzitsua da herriaren eguna delako eta, batez ere, duela hiru urtetik hona berrindartzen ari direlako abertzale guztiek deialdi bakar bat egitea, Ipar eta Hego Euskal Herria lotuko dituena. Eskaera berezia egin zuen, halaber, nazio ikurrak, batez ere ikurrina, jartzeko, Estatu espainolaren oldarkeriari aurre egiteko. Jai eta aldarrikapen egun horretan parte hartzeak merezi duela baieztatu zuen. Izaskun Guarrotxenaren iritziz, Aberri Egun bateratua antolatzeak nazioaren ikuspegia zabaldu eta herritarren parte-hartzea sustatzen du, herrialde guztietako jendearena eta emakumeena, aldaketa garai honetan subjektu izateko. Joxan Oizek, azkenik, adierazi zuen normalean garrantzi handia duela bilgune bat izateak eta abagune honetan, gainera, baliagarri dela herritarrek izaten ahal duten etsipen puntua festa eta aldarrikapenarekin estaltzeko edo indartzeko.

www.naziogunea.net webgunean informazio zehatzagoa jarri dute eskuragarri eta Euskadiko Kutxan kontu korronte bat ireki dute (3035 0029 69 0290083347) ospakizuna prestatzeko diru ekarpenak biltzeko.

«Mugak eta zubiak», Amets Arzallusen testua

«Herri txiki bat gara gu. Badira gurea baino handiagoak, auzoan baditugu bi, eta auzo herrietatik urrutietara badira herri handiagoak ere, badira erraldoiak ere. Aberriak. Eremu zabalak okupatzen dituzte, eta egunak ere bai, batzuetan egun bat eta gehiago. Denak dituzte berenak. Denbora hala arduratuko balitz herri bakoitzaz, gizenenak sarituz, guk ez genuke egun osorik izango, ezta ordu laurdentxo bat ere, bost minutu, edo gutxiago, hiru minutu beharbada guretzat. Baina egutegia justuagoa da mapak baino, eta ez da herri bakoitzaren txiki-handiari begira egon egunak banatzerakoan. Hala dugu guk ere gure eguna, egun bat gure herriarena, herri txiki bat garen arren, iristen baitzaigu lurra zangoetaraino.

Zein lur den gurea... hala galdetzen digute askotan (badenik ere entzun nahi ez dutenak tartean). Hizkuntza baten lurra da gure eremua, itxiturarik gabea, kultura berezi baten kolore guztiak dituen lurra, errekaz zeharkatua, eta zazpi begiko zubi bat (...).

Eta esku bakoitzak bere geroa iragartzen badu ere, arrasto horiek denak josi nahi ditugu, eta bat egin, ibiltzeko, eskuak luzatuta elkarri. Hala ibiliko gara Santiagon, ur gainean, Irunetik Hendaiara, muga zaharretatik zubi berriak eginez».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo