EKEk kultur politikak erabakitzen diren eremuetan izan nahi du
Maite UBIRIA | DONIBANE-GARAZI
Euskal Kultur Erakundeak (EKE) bere urteko batzarra burutu zuen atzo Donibane-Garazin. Orotarat, berrehun bat lagun bildu zen Vauban zinema gelan. EKEren jarduerekin bat eginen duten elkarte, kultur eragile eta erakundeetako ordezkari anitzek parte hartu zuen iazko balantzea egiteaz gain heldu den urteko erronkak marrazteko balio izan zuen bilkuran.
Euskal Kultur Erakundeko atal garrantzitsua izanik, sindikatuak lehendakari berria hautatu zuen. Hartara, buru berria bozkatu zuten eta finean, Jean-Rene Etchegarai, Baionako Herriko Etxearen lehen auxanta edo auzapez-albokoa izan zen hautatua.
Ondoren, Euskal Erakundearen batzar nagusia abiatu zen. Pantxoa Etchegoinek, EKEren talde profesionaleko lehendakariak, lau atal ezberdinetan laburbildu zuen erakundeak iaz egindako lana: ahozko ondarea, sorkuntza, hedapena eta kultur arloko ararteko lana.
Orotarat, 2008an 319 kultur ekintza antolatu eta sostengatu zituen EKEk. Espresuki, 181 zuzenean bultzatu zituen, horretarako, 66 artista ezberdinekin lan egin zutelarik.
Balantzea egiteko orduan, Etxegoinek EKEk hiru lurraldeetan era orekatuan euskal kulturaren argia zabaldu nahi duela azpimarratu zuen. Gainera, ekoizpen kulturalaren aniztasuna bereziki aipatu zuen, baita azken urteotan «euskal unibertsotik at» den jendea «euskal kulturaren bihotzera» erakartzeko EKEk eginiko lana ere.
Gogoeta etorkizunari buruz
Izan ere, 20. urtemugaren atarian izanik, EKEk aitzina begira zein eginkizun bete behar duen argitzeko, «baitezpadako gogoeta» abiatu behar dutela aitortu zuten erakundeko ordezkariek biltzarkideen aurrean.
EKEren jardunbideari buruz, «orain arte, gure jarduera kultur politika eratu eta gero hasten zen», azaldu zuen Etchegoinek. Geroari begira, aldiz, «aitzinetik nahi genuke gure lana plazaratu, kulturaren politikaz arduratzen direnei aldez aurretiaz gure aholku edo ideiak pasatuz».
Etorkizunera begira, herri elkargoekin aitzinamendu berdinarekin jokatzea nahi luke EKEk. «Edonola ere urrats guziak aldez aurretiaz elkarteekin konpartitu nahi ditugu», nabarmendu zuen lehendakariak.
Erronka berri guztiei aurre egiteko, gaur egun 239 kidek osatzen duten erakundeak lan talde profesionalaren birmoldaketari ekingo dio ondorengo hileetan. «Finean, geroan misio berriak burutu nahi baditugu -gure gogoetan, besteak beste euskal kulturaren behatokia sortzeko egitasmoa agertzen da- lehenik eta behin gure lana hobetzeko moldaketak egin behar ditugu», azpimarratu zuen Pantxoa Etchegoinek.