GARA > Idatzia > > Kultura

Julio Soto zuzenean sailkatuta, erabakita dago finaleko zortzikoa

Atzo jokatu zen Antsoainen Nafarroako Bertsolari Txapelketako azken finalaurrekoa, eta bertatik atera ziren martxoaren 21ean oholtzara igoko diren lau finalista. Julio Soto, Erika Lagoma, Xabier Legarreta «Arano» eta Ander Fuentes «Itturri» sailkatu ziren atzoko saioan. Horiekin batera, Xabier Silveira, Iñigo Olaetxea, Julen Zelaieta eta Jon Barberena izango dira kantuan.

p057_f01_148x120.jpg

Odeia AIESTARAN | ANTSOAIN

Atzo izan zen Nafarroako Bertsolari Txapelketako azken finalaurrekoa, orain arteko mailarik altuena izan duena. Julio Soto irten zen garaile, 334 punturekin eta beraz, zuzenean sailkatu zen Elizondoko hitzordura. Igantziko saioan baino urduriago bazegoen ere, bertso ederrak bota zituen. Erika Lagoma izan zen bigarren, Sotok baino hiru puntu gutxiago lortuta, eta berau ere finalean izango da. Xabier Legarreta Aranok 316 puntu lortu zituen eta kartzelakoarekin gustura geratu ez arren, hurrengo fasera sailkatu zen.

Antsoaingo antzokia urduritasunez eta tentsioz bete zuen puntuazioa lortu zuen, bestalde, Ander Fuentes Itturrik, 307.5 puntu lortu baitzituen; Eneko Lazkoz eta Jon Elizetxek aurretk izandako kopurua. Berdinketa hirukoitza izan zen, beraz, protagonista. Kalkulagailua sutan jarrita, orain arte lortutako puntuazioak gehituta, Itturrik zuen altuena eta beraz, Lazkoz eta Elizetxe finaletik at geratu ziren, eta sailkatuak lehen aldiz finalean izatea lortu du.

Atzokoan, bosgarren tokian Joxe Juan Zubieta Portu, Etxabe, izan zen 298,5 punturekin eta seigarren, berriz, Iñaki Aleman 290ekin.

Urtarrilaren 31n Auritzen hasi zen txapelketa hazten joan denaren dudarik ez dago. Izan ere, lehen saiotik atzokora, bertaratu izan diren bertsozaleak ugarituz joan dira, baita, horrekin batera, giroa berotuz ere. Goizuetako lehen finalaurrekoan ehun bertsozale batu ziren, Altsasun berrehun inguru eta atzokoan berrehun eta berrogeita hamar.

Txapelketa osoan zehar bertsolariek maila bikaina eman dute; horren lekuko dira finalerdiak jokatuta, protagonistek lortutako puntuazio altuak eta finalera sailkatutakoen puntuazioen arteko alde eskasak. Orain arteko emaitzen arabera, Elizondoko Lur dantzalekuan izango den lehia estua izan liteke.

Esperientziadun zortzikoa

Auritz, Igantzi, Betelu eta Tafallan jokatutako final-laurdenen ondotik, faborito nagusiak gailendu baziren ere, gazteek Nafarroako bertsolaritzaren etorkizuna ez dagoela kolokan erakutsi zuten; horien artean lehen aldiz parte hartu duten Saioa Alkaizak eta Garazi Tabernak, esaterako.

Hasieratik abiatutako hogeita bost bertsolariek ezustekorik ere eman dute aurtengoan, lehenengo saioan faboritoen aurretik sailkatu zen Aimar Karrikak eman zuena, kasu. Alderantzizkorik ere izan zen, iazko txapeldun Julen Zelaieta, nahiz eta puntuazio altuaren jabe izan, finalera sailkatzeko, atzoko saioaren zain izan baitzen.

Xabier Silveirak, berriz, atsedenaldia hartu ostean, ez du ezustekorik eman, eta Altsasuko kanporaketan jaun eta jabe izanda, eta txapelketan lortutako puntuazio altuenarekin, 346,5 punturekin, finalean izango da, bere seigarren txapela lortzeko helburuarekin. Saio horretan sailkatutako bertsolari bakarra bera izan zen, gainera.

Esperientziak ere badu pisurik txapelketan. Izan ere, Iñigo Olaetxea bertsolaritzan urteak ematearen balioaz baliatu da. Kontuak kontu, martxoaren 21ean, larunbata, Elizondoko Lur dantzalekua ezusteko gehiagoren eta bertsozaleen elkartzearen lekuko izateko, Xabier Silveira, Julio Soto, Erika Lagoma, Iñigo Olaetxea, Xabier Legarreta Arano, Julen Zelaieta, Jon Barberena eta Ander Fuentes Itturri protagonistatzat dituen zortzikoa igoko da oholtzara. Finala lehiakorra, maila altukoa eta giro ederrekoa izango dela espero dute antolatzaileek eta modu honetan, dantzalekua leporaino betetzea dute helburu.

Gainera, zortzikoak Nafarroako txapela lehiatzeaz gain, aurten ospatzekoa den Euskal HerrikoTxapelketa Nagusian parte hartzeko aukera ere ziurtatuko dute datorren martxoaren 21eko final handian lehenbiziko lau postuetan sailkatzen direnek.

Arabako lehen finalaurrekoa, datorren igandean, zigoitian

Arabako Bertsolari Txapelketak asteburu honetan deskantsua hartu badu ere, datorren astean bigarren fasearekin egingo du aurrera; finalaurrekoekin, hain zuzen ere. Zigoitian izango da hitzordua arratsaldeko bostetan eta bertan Manex Agirre, Juan Mari Juaristi, Rikardo Gonzalez, Serapio Lopez, Izar Mendiguren eta Iñaki Viñaspre bertsolariak igoko dira oholtzara finalerako txartela lortzeko helburuarekin. Saioan gailentzen dena zuzenean sailkatuko da Gasteizko Printzipal antzokian maiatzaren 4an izango den finalera. Gainontzekoak puntuazioaren arabera sailkatuko dira.

Bestalde, Bertsolari Gazteen BBK Sariketako lehen finalaurrekoan zeintzuk izango diren aurrez aurre ere jakina da. Hilaren 16an Bilboaldea eta Lea-Artibaiko gazteek Bilboko Txurdinagako Gabriel Aresti institutuan dute lehen hitzordua. Bigarren finalaurrekoa hilaren 18an jokatuko dute, astelehenean Durangalde eta Ipar Uribeko taldeek, eta asteartean, Arratia eta Enkarterrikoek jokatuko dituzten saioetako garaileek, eta Derioko Txorierri BHI institutuan izango da finalaurreko saio hori. Final handia, martxoaren 27an izango da, Bilboko Kafe Antzokian.O. A.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo