Superliga
Realak ez du asmatu ate aurrean, eta bi puntu galdu ditu
Jon LEUNDA | DONOSTIA
Realak barkatu egin zuen, batez ere bigarren zatian, eta ondorioz, bi puntuak galdu zituen.
Norgehiagokak bi zatiak oso ezberdinak izan zituen. Lehenengoan, Reala izan zen nagusi berdegunean, baloia beti Javier Garmendiak zuzentzen dituen neskek izan zuten. Baina aukerarik ezin izan zuten sortu, eta Luciak, Zaragozako atezainak, aparteko lanik ez zuen egin behar izan.
Lehen zati honetan aukera bakar bat izan zen, eta hain zuzen ere, kanpotarrek izan zuten. Juliak egin zuen jaurtiketa, baina kanpora joan zen. Bigarren zatian ere Reala jabetu zen baloiaz, eta jokoan nagusitasuna izaten jarraitu zuen. Oraingoan, aldiz, aukera mordoa sortu zuten zuri-urdinek.
Bigarren zatia hasi eta berehala, Lizasok donostiarren gola egin zuen. Epaileak baliogabetu egin zuen, ordea, jokoz kanpo zegoela-eta. Hortik aurrera, beste bi aukera oso garbi izan zituzten zuri-urdinek. Paredesen jaurtiketa, esaterako, atepetik atera behar izan zuen kanpotarren atzelari batek; eta denbora agortzear zegoela ere, puntuak etxerako hartzeko aukera izan zuten, baina Maite Lizasoren burukada zutoinera joan zen.
Kanpotarrek ere kontraerasora jokatuz egin zuten aukera garbi bat, baina Landak atepetik atera zuen Leticiaren jaurtiketa. Amaierako puntu banaketan, donostiarrek gehiago merezia zeukaten ustea.