GARA > Idatzia > Kirolak > Errugbia

Top 14

Biarritzek goranzko bidean jarraitzen du

p052_f02.jpg

BIARRITZ 18

CLERMONT 14

J.L. | BIARRITZ

Biarritzek gorako bidean jarraitzen du, atzo etxean Clemont taldeari irabazita. Top 14ko talderik garrantzitsuenetakoa zuen atzo aurrez aurre Agileran, baina zuri-gorriek ez zuten barkatu, eta lau puntuak etxean geratu ziren. Seigarren postu hori eskuratzeko aukera gero eta handiagoa da, baina, nolanahi ere, hasieran gorago jarriak zituzten helburuak.

Norgehiagoka ez zen ikusgarri horietakoa izan. Bi taldeek erakutsi zuten galtzeko beldurra zutela, eta jokaldi ikusgarri gutxi ikusi ahal izan zen atzo Agilerako berdegunean. Zuri-gorriak aurrealdean presioa eginez zelairatu ziren, eta presio horretan ekinez lortu zituzten lapurtarrek punturik gehienak.

Entsegurik ez denean, zigorrak ondo etortzen dira, eta Yachvili berriro ere ongi egonda, normalena zen zigorrak puntu bihurtzea. Lapurtarren jaurtitzaileak hirurak sartu zituen barrura, eta horiei esker aurretik joan ziren atseden hartzera, Clermontek, gainera, transformatutako entsegu bat egin baitzuen.

Bigarren zatia hasi eta berehala heldu zen kanpotarren entsegua, eta markagailua irauli egin zuen. Horrek urduritasuna eragin zuen harmailetan, baina ordura arte egiten ari ziren lanarekin aurrera jarraitu zuten biarriztarrek, eta Yachvilik beste bi zigor gauzatu zituen, eta Traillek drop bat lortu zuen, eta horrekin lau puntuko aldeari eutsi zieten. Amaieran, poz handia taldean. Gorantz doazela garbi ikusi zen, nahiz eta sailkapeneko lehenengo lauren artera sartzeko beranduegi izan agian. Heineken Koparako txartela ere jokoan dago, eta horrek ere balio handia du biarriztarrentzat, hortik kanpo geratzea, deskalabru handia izango bailitzateke.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo