Iratxe Esnaola Informatika ingeniaria
EGA eta Internet
EGA eta Internet, Internet eta EGA. Zalaparta handia sortu duen elkarketa izan da azken asteotan. Ordiziako Jakintza Ikastolako Maite Goñik egindako lan eredugarria izan da zalaparta horren arrazoia. EGAko azterketa prestatzeko Eusko Jaurlaritzak ekoitzitako zenbait liburu digitalizatu eta sarean jarri ditu. 2005-2006koa lehenengo, 2003-2004koa gero eta azkena atera berri duten 2007-2008ko liburua. Eta azken hau izan da, atera berri den liburuaren digitalizazioa, zalaparta sortu duena, saretik kentzeko eskatzeraino.
Eusko Jaurlaritzak ekoizten ditu aipatu liburu horiek. EGAko azterketa prestatzeko sortzen dira eta papereko formatuan zabaltzen dira. Hori horrela, Maite Goñik, teknologia berriez baliatuz, prestaketa paperetik ordenagailuetara eta sarera eramateko apustua egin zuen. Azterketak digitalizatu eta automatizatzea zen bere asmoa, alegia, sarean azterketak egin ahal izatea eta erantzunak momentuan zuzentzea, hori eta gehiago ahalbidetzen baitute teknologiek.
Lehen lan hartarako, 2005-2006ko liburuaren digitalizaziorako, Eusko Jaurlaritzari baimena eskatu zion idatziz. Baiezko borobila jaso zuen, baina edukien jabetza Eusko Jaurlaritzarena zela argi gelditzeko baldintzarekin. Eta halaxe egin zuen. Aparteko lan horri denbora eta gogoa eskaini, eta 2007ko abenduan sarean jarri zituen, edonorentzat eskuragarri. Lan hori, batxilergoko eta euskaltegietako ikasleek modu ezin positiboagoan baloratu zuten, ohiko papereko formatuaz gain, teknologia bidezko EGAren prestaketari bide eman ziolako.
Erantzuna ikusita, 2003-2004ko liburua digitalizatzeari ekin zion. Helburua aurreko lanaren berdina zenez, ez zuen baimena eskatu. Digitalizatu, automatizatu eta sareratu egin zuen, edukien jabetzaren inguruko azalpen guztiak emanez. Ez zen inongo arazorik izan.
Ez zen berdina gertatu ordea bere azken digitalizazio lanarekin. 2008ko irailean, 2007-2008ko liburua argitaratu zuen Eusko Jaurlaritzak. Liburu eguneratua da, EGAko azterketak berak ere aldaketak izan dituelako. Eta bi astean digitalizatu eta atera berria zen liburu horretako azterketak sarean eskegi zituen Maitek. Eta hor sortu zen zalaparta.
Maitek aurreko liburuekin burutu lan bera egin zuen: digitalizatu, automatizatu eta sarean eskuragarri jarri, edukien jabetzaren inguruko azalpen guztiak emanez. Baina kasu honetan, Maiteren boluntario lana ez zen modu berean baloratu. Digitalizatutako azken azterketak saretik kentzeko exijitu zion Eusko Jaurlaritzak. Liburu berria zen, antza, argia orduantxe ikusi zuena. Eta goizegi irudituko zitzaien Interneten jartzeko. Ezin da beste argudiorik aurkitu eta, zinez, sinestezina da.
Eusko Jaurlaritzak diru publikoarekin ekoitzitako edukiek, izan EGAko azterketen liburuak edo beste edozein motako gidaliburu edo dokumentuek, ez al dute jabetza publikokoak izan behar? Ez al dira herritarren diruarekin sortu? Are gehiago, Maitek bere kabuz eta guztien onurarako egindako lana, ez al luke Eusko Jaurlaritzak egin beharko? Ez al lukete EGAko azterketa prestatzeko tresna bat sortu beharko Interneten? Zertaz ari dira informazioaren eta jakintzaren jendarteaz hitz egiten dutenean? Informazioaren jendartean, informazioak ez al du eskuragarria izan behar? Zergatik ez dute lan hori egiten eta, are okerrago, zergatik oztopatzen dute besteen lana? Zein kalte egiten die? Kaltea eurotan neurtzen al da? Euro publikotan, edo nola bestela?
Liburuak argitaratzea eta Interneten tresnak sortzea osagarriak dira. Ez dira gainjartzen. Batak ez du bestea kentzen. Are gehiago, oso ezberdinak dira beraien artean eta, horrexegatik, hain zuzen, beharrezkoak dira biak, bai liburuak eta baita Internet bidezko prestaketak ere.
Lehen urratsa liburua bera digitalizatu eta sarean jartzea da (PDF formatuan). Zalaparta honen ondotik sareratu dituzte zenbait azterketa (adibide bat: http://www.ejgv.euskadi. net/r53-2291/eu/contenidos/informacion/dih1_ ega_azterketak/eu_ega_azte/adjuntos/2006/2006_02_atariko.pdf). Baina Maite haratago joan zen: azterketak Internet bidez prestatzeko aukera sortu zuen. Batetik, bere lehen digitalizazio lanetan, azterketako galderarik zailenek azalpena zuten (soinu artxibo eta guzti). Baina Internet bidezko prestaketak ezaugarri berezirik badu, hori erantzunen orden aldaketa automatikoa da. Alegia, galdera berberaren erantzunak orden ezberdinean erakusten dira azterketa egiten den aldiro. Honekin ikusizko memoria gainditzen da, papereko azterketetan erantzunaren posizioa nahigabe barneratu baitaiteke. Teknologia berriek ahalbidetzen duten prestaketa interaktiboa ikusteko: http://www.euskaljakintza.com/ariketak/hotpotatoes/05-02-26berria.htm (Maitek digitalizatu eta automatizatutako azterketa guztiak: http://www.euskaljakintza.com/ega/).
Hasiera batean baldintza bakarra jarri zioten, edukien jabetza Eusko Jaurlaritzarena zela argi uztea. Orain bigarren bat jarri dute, nahiz eta esan gabe izan den: liburuak, gutxienez, urtebeteko bizitza izan behar du kalean. Teknologien aroan bizi garela diote, informazioaren eta jakintzaren jendartean. Baina hori ez da esan bakarrik egin behar, egoera berria barneratu eta suposatzen duen aldaketara egokitzea ezinbestekoa da. Badirudi EGA ez dela oraindik aro teknologikoan bizi, ez behintzat Eusko Jaurlaritzaren bulegoetan.
Bukatzeko, Maiteren aparteko lana txalotu nahi dut. Maite bezalako pertsonek egiten duten lanagatik sortzen baitira ideia berriak, apustu berriak eta proiektu berriak. Eta helburua bat eta bakarra: Internetez baliatuz, EGAko azterketak nahi duen ororentzat eskuragarri jartzea, EGAren prestaketa txoko eta esku guztietara helarazteko bidea sortu baitzuen. Zorionak, beraz, egindako lan bikainagatik.