Ainara Egia, Arkaitz Carracedo eta Eneko Urizar | Boston eta New York
Kanpotarron «demograzia»
Martxoaren 1a egun tristea izan zen demokraziarentzat, kanpotarron demokraziarentzat. Demokrazia, demograzia edo teknokrazia deitzea hobea iruditzen zaigu gaurko goiz hotzean; hotza, ez soilik AEBetako ekialde kosta elurrez margotuta dagoelako, baizik eta oinarrizko eskubideen murrizketa pairatu dugulako.
Dena otsailaren lehenengo egunetan hasi zen, Euskal Herria kanpaina erdian zegoenean. AEBetan ere prestatzen ari ginen gure M-1a. Botoa postaz bidali ahal izateko, alegia. Egunak telefonoan eman eta gero, Euskal Herria eta AEBetako udal eta delegazio desberdinek lasaitu gintuzten gure paperak etxera garaiz iritsiko zirela aitortzean. Hilaren 27a baino lehen bozkatu behar genuela, boza kontuan izateko.
Aste bat falta zelarik, etxeko postontziak, bai Bostonen bai New Yorken, hutsik zeuden. Zergatik? Agian elurragatik, grebaren bategatik edo funtzionarioen kafe breaka errespetatzeagatik, gure paperen berririk ez. Belarria berotzera telefonora berriro (nork ordainduko digu telefonoan sartutakoa?). Oraingoan kontsulatu eta enbaxadekin hitz egin behar genuela esan ziguten, behintzat dei lokalak ziren oraingoan. Berau egitean, asuntoa beraien eskutik at zegoela esan ziguten, eta errolda lekutik iritsi behar zitzaigula dokumentazioa. Beraz, hauteskunde egun magikoa baino aste bat lehenago, bagenekien gure bozek kontatuko ez zutela, gure herriaren eraikipenetik kanpo geundela. Etxetik urrunago sentitu ginen, eta ez bakarrik geografikoki.
Euskal Herria kanpotarron bozen zain dagoenean, guk badakigu gureak ez dituztela zenbatuko. Egoera hau salatzeko idazten dugu, arazo larri hau konpon dadin, behintzat hurrengo hauteskundeak datozenean, egoera onartezin hau errepika ez dadin.
Beraz, igande hartan guretzat emoziorik ez, amorrua baizik. Ostiralean, kanpotarron bozak publikoak egin zirenean, déjà vu bat izan zen. Nola izan daiteke hauteskunde panfletoak (PP, PNV eta PSOErenak) bai baina beharrezko dokumentazioa ez jasotzea? Nork bueltako dizkigu gure eskubideak? Agian lehendakari berriak (edo zaharrak) erantzukizuna hartuko du, edo ez. Agian, postontzian eskubideak jasoko ditugu datorren astean...