GARA > Idatzia > > Eguneko gaiak

Sorginkeria Lapurdin 1609-2009

Euskal Herriak gogora ekarri nahi du De Lancrek eraildako «sorginak»

p008_f02_139x79.jpg

Gaxuxa ARRANBIDE | BAIONA

Idoia ERASO |

1609. urtean Pierre de Lancre Bordeletik Lapurdira heldu zen sorginkeriarekin bukatzera eta ondorioz sorginen akusaziopean 50 eta 100 pertsona artean erailak izan ziren, horietako gehienak emakumeak. Hala ere, haur eta gizonek ez zuten saihestu De Lancreren epaia. Historia oroitu nahian eta gaiaren inguruan sortu diren sineskeriak argitzeko elkarte eta erakunde ezberdinek ekitaldi kultural, historiko eta artistiko anitz antolatu dituzte urteurren honetan. Aurtengo pastoralak ere pasarte hau hartu du gaitzat, «Belagileen tragedia» hain zuzen ere.

Auzia Urruñako urtubiatarren eta Donibane Lohizuneko udal klanaren arteko botere gatazkak zirela medio Urtubiako gazteluko jaunak Henri IV.a erregeari dei egin zionean hasi zen. Horren ondorioz deabruarekin eta sorginkeriarekin obsesionatua zegoen Pierre De Lancre «ikerlaria» 1609ko uztailaren 2an Baionara heldu zen.

Salaketetan oinarrituta galdeketaz eta ikerketaz mozorrotutako torturak eta hilketak hasi ziren. Senpere izan zen epaiketa eta heriotza horien gune nagusia, baina inguruko herri askotara zabaldu ziren. De Lancreren ekintzek beldur handia sortu zuten eta jende asko ihesi joan zen.

Gizarteko klase baxuenak izan ziren sorginkeriaz akusatuak, baina salaketak elizgizon eta emakumeengana ailegatu zirenean Lapurditik joateko «gomita» heldu zitzaion De Lancreri. Izan ere, fanatiko hutsa zen, bere liburuetan argiki adierazi zuen bezala: «Ni beti alde izanen naiz oinarri txikienarengatik hiltzera». Horiek horrela, Lapurditik joan zenean Baionan ospakizun handia eskaini zioten.

Ternuara bakailao arrantzara joanak ziren gizonak Donibane Lohizunera bueltatu zirenean, egoera ikusi zuten eta altxamendu bat izan zen. Handik kilometro batzuetara, Zugarramurdin, 1610ean, antzeko gertaerak jazo ziren.

Euskal Herriko egonaldiaren bizipenak kontatuz liburu bat argitaratu zuen De Lancrek 1612an. Hainbeste arrakasta bildu zuen 1613an bigarren argitalpen bat ere ezagutu zuela. Historian zehar erreferentzia liburua bilakatu da eta oraindik toki askotan aipatzen da. Esaterako, Victor Hugo idazleak liburu horren eragin oso handia jasan zuen.

1609-2009

Gertaera mingarri horiek izan zirenetik 400 urte pasa direnean, Ipar Euskal Herrian zehar historia oroitarazi nahi duten ekitaldi anitz antolatu dira. Lapurdi 1609-2009 elkartea ere sortu da kari horretara. Senpere gune hartuta, Lapurdiko herri askotara zabaldu da; elkarteko partaide dira Baiona, Sara, Azkaine, Donibane Lohizune, Uztaritze, Hazparne eta Urruñako biztanleak. Urte guztian zehar hitzaldi, erakusketa eta ekitaldi ezberdinak antolatuko ditu elkarteak herriz herri. «Lapurdi 1609» antzerkia eta arte lehiaketa bat ere antolatuko ditu.

Hendaian bestalde Abadiako Eremuan «Nekato: haizeak bakarrik ezagutzen du egia" programa antolatu dute. Nekato Ziburuko 19 urteko neska izan zen eta De Lancrek liburuan behin baino gehiagotan aipatzen du. Egun Abadiako lurretan Nekatonea izena duen etxea dago bere oroimenez. Urte guztian zehar luzatuko den programak natura eta historia uztartuko ditu.

Lauburu elkarte kulturalak alderdi didaktikoa landu du gaztetxo zein helduentzako ekitaldiak antolatuz. Claude Labat ikerlariak diaporamek laguntzen duten «Sorgina 1609» hitzaldia proposatu du eskola, kolegio eta lizeoetan. Helduentzako hitzaldiak ere eskaintzen ditu elkarteak. Baionako fakultatean ikusgai izanen den erakusketa bat ere eratu du Claude Labatek.

Ttittika Rekaltek idatzi duen «Belagileen tragedia» pastoralak garai horretara garamatza. Belagileek edo sorginek pairatu behar izan zituztenen berri emanez «garaiaren testuinguruaren irakurketa propioa» egiten duela adierazi du Rekaltek. Egungo gizartearekin, politikarekin eta emakumearen egoerarekin parekotasun bat eskaintzen du Alozen antzeztuko den pastoralak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo