Sorginkeria Lapurdin 1609-2009
«Egun entzuten dugun istorioak ez du zerikusirik gertatutakoarekin»
Claude LABAT
Irakaslea eta Lauburu Elkarteko kidea
Euskal Herriko historia eta kulturako ikerlaria eta Lauburu elkarteko kidea da Claude Labat. Liburu anitz idatzi ditu Euskal Herriko gai ezberdinen inguruan. «Olentzero» edo «Baionako historia bestela kontatua» dira argitaratu dituen liburuetako batzuk. «Sorginkeria? 1609ko Suteen keak gordetzen duena» argitaratu berri du. Azken lan honek Lapurdin duela 400 urte gertatu sorginkeria auziei buruzko ikuspegi historikoa zabaltzen du.
Gaxuxa ARRANBIDE | BAIONA
Idoia ERASO |
Folklorea eta sinesmenen atzean gordetzen diren historiari hurbildu nahia aurkeztu du Claude Labatek berriro ere dibulgaziozko liburu honekin.
Nola definituko zenuke zure liburua?
Gertakizun historikoak hartu ditut eta erratz kolpe bat ematen dut zinez gertatutakoa eta irudimenezko kontakizunen arteko bereizketa egiteko. Izan ere, euskal herritarrok urteetan sorginen inguruko fantasmak elikatu ditugu eta errealitatea desitxuratua dago gaur egun. Horretarako, artxiboak begiztatu eta irentsi ditut, eta digeritu ondotik, manera arin batean kontatzen dut 1609ko gertakizuna. Erroetara hurbildu naiz, gaur egun entzuten ditugun sorgin istorioak ez dute deus ikustekorik Euskal Herrian gertatutakoarekin. Gertakizunak mitifikatu ditugu; errealitatea desitxuraturik agertzen da.
Nortzuk dira sorginak? Izan al dira inoiz Euskal Herrian?
Sinesmenak oso pertsonalak dira, baina inportantea da garaiko egoera soziopolitikoa eta mentalitatea ulertzea sinesmenak fantasmetan oinarrituak izan ez daitezen. Jakin behar da gizon, emazte eta haurrak izan direla sorgin izendatuak, garaiko mentalitate berezi baten testuinguruan. Gertakizun oro, izan tenpesta, istripu edo dena delakoa, deabruaren eraginari lotzen zen. Hau da, sorginen boterea deabruaren maldizio baten ondorioa zela sinesten zen. Deabrua denetan ikusten zen. Gaur egun Pierre De Lancreen jarrera garaiko intelektual baten jarrera gisa kontsideratzen ahal da, izan ere, garaian deabruan sinesten zelako.
Kondenatutako sorginen %50a emazteak ziren, haurrak %21a eta gaineratekoak gizonak ziren. Jakin behar da denak akusatu eta akusatzaileak zirela ber mementoan. Hala, interesgarria da ikustea nor ziren sorgin hauek eta zein gizarte klasetakoak ziren. Batzuek belarren erabilpena ezagutzen zuten. Pierre de Lancrek sinesten ez bazuen ere, herritarrek auzoarengan beldur zuten, abereen edota lur landatuen kontrako zorigaitza botatzeko gaitasuna zutela usterik. Besteak, berriz, arrantzaleen emazteak, laborariak eta aberatsak ziren.
Nola abiatu zen auzia?
Boterea eskuratzeko norgehiagoka honetan elkarri sorgin irainarekin akusatzen zioten. Ondokoa sorgin izendatzea irainik larriena zen garaian, beraz boterea eskuratzeko akusazioak trumilka izaten ziren. Bakoitzak bera baino egoera sozial hobe batean bizi zena salatzen zuen, bere boterea eskuratzeko esperantzarekin. Akusazio hauek zirela medio, Biltzarrak Bordeleko justizi agintariei Euskal Herrian inkesta baten burutzea galdegin zuen. Etxeko Jaunek bezala nobleek ere galde hori luzatu zuten. Funtsean, Donibane Lohizuneko Herriko Kontseilua akusaturik izan zenean Biltzarrarengandik, Bordeleko Parlamentuak inkesta bat eraman zuen, baina segidarik ez zion eman. Aldiz, Urtubie Jauna akusaturik izan zenean, Erregearengana jo zuten afera bere gain har zezan. Salaketa guzien dosierrak erregearen eskuetara iritsi ziren azken finean.
Henri IV.a erregearentzat dosier interesgarriak ziren hauek, gatazka hori baliatuko baitzuen aspaldian amestu bezala Euskal Herriaren barnean bere boterea aplikazioan ezartzeko. Hala, komisio bat bidali zuen Lapurdira eta Pierre de Lancre arduradun gisa izendatu zuen.
Kontutan hartu behar da ere, Frantzia Espainiarekin gatazkan dela eta Nafarroan ere sorgin aferak badirela. Beraz, zigorren aplikazioarekin Espainiari erakutsi nahi zion Lapurdira arte bere botereak agintzen zuela, hau da, Nafarroako inkisizioa Erregearen justizia baino eraginkorragoa zela.
Nafarroan Elizak nola eraman zuen sorginen afera?
Elizak garaian dudak ditu sorginak bazirenik ere. Hala, auziak, Lapurdikoak baino urte bat berantago burutu ziren, eta zigortuen kopurua ez zen Lapurdikoa bezain inportantea izan. Gainera, Frantziak inoiz egin ez duen bezala, Elizak handik laster damua adierazi zuen, sorgin auzietan tronpatu zela onartuz. Bitartean, De Lancre Nafarroako inkisizioa eta Frantses Monarkiaren arteko konfliktoa elikatzen ibili zen.
Aitzin Lapurdin auzien afera heldu da...
Lapurdiko herri askotan izan ziren auziak. Jende askok Lapurditik ihes egin zuen eta Gipuzkoa eta Nafarroara joan zen gordetzera. Ehunka hilketa izan zirela erraten da, baina iduriz, 50 edota 100 heriotza izan ziren baizik.
Auzi hauek nola hartu zituzten herritarrek?
Herritar guziek sorginkerien sinesmena zuten. Hilketak askatasun gisa bizitzen zituzten, baina ber maneran, beldur ziren. Funtsean, denek denak akusatzen zituzten. Edonor sorginkeriaz akusaturik izan zitekeen, akusatuak akusatzaile bilakatzen baitziren, izan torturaren ondorioz edo mendeku pertsonal baten afera zuritzeko. Pobreak lehen akusatuak ziren Etxeko Jaunengandik, baina baita buhameak ere, haien hizkuntza ez baitzuten ulertzen.
Aldiz, De Lancre apezen eta seroren kontra egiten hasi zenean, Baionako Diozesiak Henri IV.a erregeari auziak bertan behera uztea galdegin zion. Ber momentuan, lau hilabete arrantzan ibili ondoren, arrantzaleak etxerat sartu ziren eta egoeraz oharturik De Lancre Euskal Herritik kanporatu zuten.
Zer eragin izan zuen herritarrengan?
Ondorio larriak izan zituen, handik urte batzuetara euskal herritarrek berek neska gazte judutar bat sutara bota zuten Donibane Lohizuneko plazaren erdian. Horrek erakusten du garaiko mentalitatean zela deabruaren eragina eta, zerbait larri gertatuz gero, beti norbaiti errua bota behar zitzaiola. Edozein zorigaitz norbaiti leporatuko zitzaion. Hala, sorginkerien afera garaiko mentalitatearekin lotu gabe ulertezina da.
Interes pertsonalik al zuen?
Arrazoi ekonomiko eta politikoak ziren jokoan. Alde batetik, lapurtarren konfiantza eta bere boterearen onarpena lortzeko estrategia izan zen. Horrek Nafarroarekin zuen gatazkari begira garrantzi asko zuen. Lapurdiko eskualdean lortuko zuen botere politikoarekin bere indarra erakusten zuen. Bestetik, Quebeceko poteen merkatuaren monopolioa lortzeko helburua zuen. Merkatu inportantea zen eta euskaldunak ziren haren kargu. Quebeceko indianoekin errespetuzko tratua zuten. Indianoek euskara ikasi zuten, pentsa! Urte bat auziak hasi aitzin, 1608an, merkatu horren monopolioa ebasteko saiakera egin zuen erregeak, baina bistan dena, euskaldunak defenditu ziren eta ez zuen nahi zuena lortu. Horregatik, mendekatzeko aukera ikusi zuen, baita botere ekonomikoa eskuratzekoa ere.
Hartara, ez zait zuzena iruditzen herri baten mentalitatea, sinesmenak eta bizi moduak kritikatzea. Hau da, gertatutakoa justifikatzeko herritarren mentalitateari kulpa botatzea onartezina zait, aldiz, helburu ekonomiko eta politikoak lortzeko herriaren mentalitateaz baliatzea arrunt salagarria da.
Zergatik mitifikatu da gertatutakoa?
Gertatutakoa ahanzteko ahaleginak egin dira. Iruditzen zait historiaren zati hori ezabatu nahi izan dela, manera kontzientean, euskal herritarrek beren sinesmenak baztertu eta giristino perfektuak bilakarazteko. Ber maneran, erregearen «salbamenduaren» sentimendu faltsua zainduz, erregeak Lapurdin aplikatu boterearen onarpena lortzeko balio izan du. Hartara, heziketa sistema abiatzerakoan, herrialde ezberdinen berezitasunak desagerrarazteko ahalegin bat izan da. Baina, lurraldeen historia ezabatuz memoria ezabatzen dugu.