Día ineternacional de la mujer
Manifestazioak, ikerketen emaitzak eta indultuak ere bai munduan
Maider IANTZI | DONOSTIA
Martxoaren 8a emakumeen aldeko mobilizazioen eguna izan ohi da mundu osoan. Adibidez, Filipinetan, milaka pertsonak egin zuten manifestazioa Gobernuak Ameriketako Estatu Batuekin duen hitzarmen militarra gaitzesteko, emakumeentzat eta, orokorrean, herritarrentzat kaltegarria dela deritzotelako.
Gabriela taldeak antolatu zuen ekimena eta bertako idazkari nagusiak, Emmi de Jesusek, adierazi zuen ez dagoela egun hoberik milaka filipinarrek urrats bat aitzinera emateko, emakumearen duintasunaren alde egiteko eta AEBetako esku hartzearen aurrean subiranotasun nazionala aldarrikatzeko. Erakunde feministaren iritziz, Manilaren eta Washingtonen arteko ituna, 1999tik indarrean dagoena, txarra da Filipinetan delituak egin dituzten militar estatubatuarren gaineko eskumena AEBei ematen diolako. Halaber, azken horien armada herrialdean egoteak prostituzioa zabaltzea dakarrela salatu zuen.
Thailandian, emakume langileen ordezkariek emakumeen lanari buruzko aurreiritziak «endemikoak» direla adierazi zuten Bangkoken egindako manifestazioetan. Lehen ministroari, Abhisit Vejjajivari, eskaera zerrenda bat eman zioten. Bertze gauza batzuen artean, aberatsei zergak igotzeko eta behartsuei laguntzeko exijitu zioten, baita umeak dituzten langabeei babes handiagoa emateko ere.
Baina mobilizazioez gain, indulturik ere egon zen Martxoaren 8a zela-eta. Argeleko presidenteak, Abdelaziz Buteflikak, emakume preso batzuei barkamena emango diela iragarri zuten iturri ofizialek. Ez zuten zehaztu presoak zeintzuk izanen diren, ezta zenbat izanen diren ere; hala ere, urtebete edo gutxiago betetzea falta zaien pertsonak direla argitu zuten.
Erronkak eta lorpenak
Bestalde, emakumeei buruzko ikerketen emaitzak plazaratu zituzten. Intermon Oxfamek, erraterako, Iraken oinarrizko gizarte zerbitzurik gabe segitzen dutela kritikatu zuen. Hainbat herritako 1.700 emakume elkarrizketatu dituzte eta erantzunetatik ondorioztatu dutenez, gehienak erabat isolaturik daude, pobreziatik atera ezinik, etsita eta segurtasunik gabe, indarkeria gutxiago egon arren. Hortaz, Gobernuz Kanpoko Erakundeak oinarrizko zerbitzuak berriz martxan jartzeko eskatu zien Bagdadeko agintariei, «oraindik segurtasun gutxi izan arren, azken hilabeteetan zer edo zer hobetu dela baliatuta».
Unibertsitate israeldar batek jakinarazi zuenez, ezkontzak eta ama izateak emakumeen eta gizonen soldaten arteko desberdintasuna handitzen du emakumeen kaltetan, azken horiek lana uztea edo egun erdiz aritzea baitakar maiz. Herrialdeko Estatistika Bulego Nagusiak dio gizon bateko hiru emakume daudela aldi baterako kontratuarekin. Bar Ilaneko Unibertsitateko txostenaren arabera, desoreka honek eta diskriminazioak emakumeek gizonen batez besteko soldataren %64 kobratzea eragiten du.
Lorpenen berri ere eman zuten. Shirin Ebadi Bakearen Nobel saridunak sortutako giza eskubideen aldeko erakundearen arabera, lege batzuk aldatu behar dira, oraindik anitz dago egiteko, baina «edozein pertsona objektibok erran dezake emakumeek Iranen aurrera egin dutela. Eskubideak dituztela ulertu dute eta aurrerapauso handia da hori». Datu bat emateagatik, 1979an unibertsitateko ikasleen %17,5 ziren emakumeak eta 2008an, %60.