Josebe Egia
Zirku-abortua
Haurdunaldia eteteko askatasunaren aldeko aldarrikapena, ezbairik gabe, egindako kale-agerraldi, manifestazio eta ekitaldi guztietara joandakoen ahotan ibiliko zen atzo. Eta entzungo zituztenen belarrietan, horretarako baita, besteak beste, Martxoak 8a, emakumeon eguna. Entzun eta aintzat har gaitzaten.
Eta zenbat urte, urte bakoitzaren martxoaren 8an eta beste egun guztietan ere, aldarrikapen berarekin atzera eta aurrera. Zenbat urte abortua eskubide gisa aitortzea eta despenalizatzea exijitzen, Estatu espainiarrean delitu izaten jarraitzen baitu; bai, legezkoak diren hiru kasuetan izan ezik, baina ai!, hor ere ez pentsa aulkian eseri eta gitarra jotzea denik. Zeren osasun sare publikoan askotan eskubide hori eragozten baita, langileen kontzientzia-objekzioa aitzakia hartuta. Eta pribatutik jota, 350 eurotik gora!
Gero gazteek kristoren triskantzak eragiten dizkiotela beren buruari, edozein lekutara jotzen dutela haurdun geratzean, ez dakitela zer- nolako ondorioak eduki ditzaketen bizitza guztirako... Baina haurdunaldia etetea garesti eta legez kontrakoa, kondoiak garesti, guraso askok beren alaba ataka horretan egon daitekeela entzun ere ez dute egin nahi... Hiru nerabetik batek ez duela preserbatiborik erabiltzen jakinda, bada, atera kontuak. Hori gazteei dagokienez, baina, oro har, urtean zenbat haurdunaldi eteten dira? Zeren, adibidez, 2007an abortatu zutenen %32,4rentzat ez zen lehenengo aldia izan. Are gehiago, urte horretan haurdunaldia eten zuten emakume gazteen %12,8rentzat gutxienez bigarren aldia zen.
Horrela errealitatea, horrela egungo jendartea. Eta ez al dago argi legeak jendartearen ezaugarriei eta aldakorra den egunerokotasunari erantzun behar diola? Ezin duela lege berak belaunaldiz belaunaldi gure bizitzak zuzentzen jarraitu, dagoeneko zentzurik ez duenean?
Abortua dela-eta, aspaldi gaude zentzugabekerian murgilduta, emakumeok batik bat. Aldarrikapena zaharra, hortaz, baina erantzutera etorriko zaion legea berria. Horretan ari da, behintzat, Espainiako Gobernuak Abortuaren Legearen erreforma prestatzeko hautaturiko adituen batzordea. Prestatu, aurkeztu, eztabaidatu, bozkatu eta onartu, edo ez. Hor dago koska, baina! Prozesua luzea da, eta beraren faseren batean aldatzeko, bilakatzeko, murrizteko, itxuraldatzeko edo erortzeko arriskua beti dago. Abortuaren gaiak badakigulako zer dakarren, beti, salbuespenik gabe. Kristoren -ia literalki- kalapita!
Abortua. Duela gutxi jasan duguna euskal herritarrok. Hauteskundeen abortua. «Demokrazia, gardentasuna, lehia osasuntsua». Ja! Eta gobernuak pozik, jendarteak legislatura berria erditu duelako. Orain izena jartzea falta zaie, izen nagusia, badakizue, Lopez lehendakaria, Ibarretxe lehendakaria... Hala ere, bata zein bestea izan, arduratuko da alfonbra azpian ezkutatzeaz zirku-abortu honetan sortutako kaka guztia.
Hori ikusita, Abortuaren Legearekin gora eta behera ari direla, gauza bera ez gertatzea da erronka. Beste abortu-zirkurik ez jasatea, alegia.