Antxoko bizilagunak haserre daude etengabe argindar arazoak dituztelako
Etxebizitza batzuen eraikitze lanetan izandako akats baten ondorioz, argindar sarean eten ugari izan zituzten Pasai Antxon duela bizpahiru hilabete. Dena konpondutzat zuten, baina berriro izan dituzte arazoak.
Janire ARRONDO |
Iberdrolaren argindar sarean hainbat arazo izan dituzte azken hilabeteotan Pasai Antxon. Argi mozketarik larrienak duela hilabete batzuk izan baziren ere, azken aste honetan ere hainbat mozketa izan dituzte.
Bereziki, Luzuriaga inguruan egiten ari diren lanetan izan ziren mozketak, etxeak hornitzen dituen kablea moztu baitzuten lubaki bat egiten ari zirenean. Ondorioz, ia hiru hilabetez gorabehera handiak izan ziren argindar sarean. Pasaiako Udaleko Ander Poza zinegotziaren hitzetan, «argi mozketa asko izan zituzten inguru horretako bizilagunek denbora gutxian, horrek hainbat etxetresna hondatzea ekarri zuen eta haserreak izan ziren». Orduko hartan eraikitze lanetan zebiltzanek egindako akatsagatik sortu baziren arazoak, azken astean izan direnak elektrizitate kableen instalazioak zaharkiturik daudelako izan dira gehienbat. Pozak dioenez, «Iberdrolakoek akatsak izaten direnean egiten dituzte konponketak, eta aurrez ez dute inolako mantentze lanik egiten».
Duela hiru hilabete obretan izandako akatsaren ondorioz kableak eten zituztenean, «arazoa non zegoen aurkitzerako hainbat konponketa txiki eginak zituzten inguruan», azaldu dio zinegotziak GARAri. «Hala ere, berriro mozketak izaten ziren eta sarea berriz martxan jartzen zutenean tentsio gorabehera handiak gertatzen ziren», azaldu du. «Guk azkenean arazoa sakonagoa zela eta errotik konpontzeko eskatu genien Iberdrolakoei», argitu du Pozak.
Ainhoa Martinez Blancok, Antxoko Eskalantegi kaleko bizilagunak, hainbat kalte izan ditu etxean Iberdrolaren argindar sareko gorabeherak direla-eta. Duela hiru hilabete izan zuen arazorik larriena: egun bat baino gehiago iraun zuen mozketagatik etxeko izozkailu-kutxan zuen guztia galdu zuen. Ondoren, «Iberdrolaren aseguru etxetik bidalitako peritua etorri bazen ere, azkenean, gauzak behar bezala ez egitearren, ez zen inor kalteen kargu egin. Mozketaren ondoren denbora asko behar izan zuten argindar sarea behar bezala jartzeko eta tentsio gorabeherek etxetresna ugari hondatu zituzten». Martinez bizi den kalearen aldea, gainera, administratiboki Donostiako parte da. «Erdian egonda, inon ez egotea bezala da, Donostiako Udalean ez baitziguten batere kasurik egiten», azaldu du. Azkenean, Pasaiako Udalak lagundu zien arazoak konpontzeko pausoak ematen. Bere iritziz, «okerrena Iberdrolaren jarrera izan da. Konpainiara azalpen eske deitu eta ukatu egiten ziguten arazorik zegoenik. Bitartean langileak etxeko atarian genituen konponketak egiten eta, haiek, matxura potoloa zegoela zioten».
Etxetik irtetera doanean edo oheratzerakoan etxeko argindar korrontea mozten du Ainhoa Martinezek, tentsio igoerak izan eta zerbaitek su hartuko duen beldur delako.