GARA > Idatzia > > Kirolak

Sokatira | Nazioarteko lehiaketa

Abadiño izan da garaipen gehien lortu dituen taldea

Zortzinakoan nagusi izan ziren, eta launakoan eta mistoan, Langerweij eta Badaiotz izan zituzten lagun.

p038_f01.jpg

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Abadiñoko taldea nagusitu zen herenegun herri horretan jokatu zen nazioarteko torneoan. Antolakuntza eta giro bikainarekin jokatu zen lehiaketa hau. Euskal Herritik kanpoko 6 Conceyos talde espainiarra eta Lagerweij, Herbeheretakoa, izan ziren Bizkaian.

Hiru eratan jokatu ziren saioak. Laukoan, mistoan -neskekin eta mutilekin osatutako taldeekin-, eta zortzikoan. Lehia ederrak ikusi ahal izan ziren, eta bertaratu ziren zaleek arratsalde gozoa pasatu ahal izan zuten. Abadiñoarrek, gainera, hiru eratan lortu zuten garaipena, duten maila bikaina argi eta garbi erakutsiz. Hasteko, launako txapelketa jokatu zen, eta bertan Abadiñok eta Herbeheretako Lagerweij taldeak elkarrekin osatutako ekipoak lortu zuen garaipena. Talde bakoitzeko bi kiderekin osatu zuten ekipoa, eta azkenean beraiek eraman zuten garaipena.

Hori amaitutakoan, lehia mistoa ikusi ahal izan zen. Talde bakoitza sei kidek osatuta egon zen, eta hiru neska eta hiru mutil izan ziren talde bakoitzean. Hemen Abadiñok eta Badaiotzek osatu zuten taldea izan zen onena.

Lehia ederra

Azkenik jokatu zen zortzinako lehia, eta hemen ere Abadiñok ez zuen hutsik egin. Bizkaitarrek orain arte Euskal Herriko Txapelketan lortutako txapelak ez direla kasualitatea izan erakutsi nahi izan zuten, eta, hala, aurkariei ez zieten inongo aukerarik eman eta txapela bereganatu zuten.

Amaiur sailkatu zen bigarren postuan. Nafarrek ere lan bikaina egin zuten, baina faboritoak ezin izan zituzten mendean hartu. Amaieran sari banaketa eta txaloak, lan bikaina egin baitzuten talde guztiek. Ikuskizuna benetan polita izan zen, nahiz eta inork ezin izan zituen Abadiñoko tiralariak mendean hartu, berriro ere besteen gainetik agertu baitziren.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo