Aizkora
Aizkolari kopuru handia espero da hastear dagoen Urrezko Aizkoran
J.L. | DONOSTIA
Binakako Urrezko Aizkora amaitu berria den arren, buruz burukoa ere hastear dago, hil honen amaieran abiatzea espero baitu Egur Sportek, lehiaketa honen antolatzaileak.
Aizkolari kopuru handia espero du antolatzen duen enpresak. «Oraindik zehazteko daukagu, baina aste honetan egutegia egitea pentsatzen dugu, dena ez bada ere gehiena bai», esan zuen Luixmari Bengoak, antolatzaile nagusiak.
Azken urte hauetan Euskal Herritik kanpoko aizkolariak ere izan dira, segoviarrek parte hartu izan baitute. Aurten hori are eta gehiago zabaltzeko itxaropena ez du galtzen Bengoak: «Segoviar batzuk izango dira gurekin, hori seguru, baina madrildarrei eta soriarrei ere luzatuko zaie deia parte har dezaten».
Lehia ez da itxia izango. Beti aritzen diren aizkolariak aurten ere izango dira, baina orain arte inoiz parte hartu ez dutenei ere zabaltzen zaizkie ateak. «Azkenaldian txapelketan berri asko atera da, eta hemen parte hartu nahi badute aukera izango dute, baita inoiz plazaratu gabe daudenek ere», esan zuen Bengoak. Horretarako, inoiz parte hartu ez dutenek, 685-750 848 telefono zenbakira deitu behar dute izena emateko.