GARA > Idatzia > Kultura > Irrati-telebista

Twitter, Hollywoodeko izarren eta politikoen lagun bilakatuta

Demi Moore aktoreak jarraitzaileekin hitz egiteko edota John McCain senatariak herritarrekin komunikatzeko erabiltzen dute Twitter. 140 karaktereko mezua protagonista duen fenomenoa nagusitzen ari da AEBetan; hala, Obamaren ekonomia planek ere badute tokirik gunean.

GARA | WASHINGTON

«Twitterrek Gobernua zeharo aldatuko duen iraultza bati ateak irekitzen dizkio». Gezurra badirudi ere, hitz horiek Juan Culberson Texaseko parlamentariak esandakoak dira. Tresnaren erabiltzaile sutsuena eredu hartuta, AEBetako legebiltzarrean hitzetik hortzera dabilen hitza da Twitter.

Gero eta gehiago dira euren artean mintzatzeko eta hiritarrekin komunikatzeko modu horretaz baliatzen direnak, horien artean, John McCain, joan diren hauteskundeetan presidenterako hautagai errepublikarra izandakoa. Bere laguntzaileen beharra badu ere, 72 urteko politikaria poliki moldatzen da mezuak idazten: Phoenix taldeko jokalarien lesioez idaztetik hasi eta Barack Obama AEBetako presidentearen ekonomia planaz idaztera iritsi da.

Buruko minak sortu dizkionik ere bada. McCaskill Missouriko senatari demokratak, adibidez, barkamena eskatu behar izan zuen Obamaren hitzaldian Twitterren bidezko mezuak bidaltzeagatik.

Hollywoodeko izarren artean ere izan du arrakasta teknologiak, besteak beste, euren jarraitzaileekin hitz egiteko baliatzen dutelarik. Demi Moore, Ashton Kutcher edota Greg Grunberg «Heroes» saileko aktorea dira erabiltzailerik sutsuenak. Azken honek aipatu duenez, Interneterako sarbidea duen sakeleko telefonoarekin 20.000 jarraitzaile baino gehiagorekin komunikatzen da; Twitterren bidez, zaleen erreakzioa zein den jakiten du, telebistaz, ordea, ez.

Hollywoodeko aktore eta Washingtongo politikoez gain, Twitterrek erabiltzaile ugari ditu. Gaur egun 2,6 milioi pertsona baliatzen dira teknologiaz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo