Berezkoak
Azken faserako bidean, Binakakoak geldialdia izango du Donibane Garazin
J.L. | DONOSTIA
Berezkoen Binakako Txapelketako aurrekanporaketako bigarren eta azkenaurreko kanporaketa jokatuko da gaur, 17.00etatik aurrera, Donibane Garaziko Garat trinketean. Bertan, aurrez aurre, Bielle eta Ducassou eta Alfaro eta Lazkano izango dira.
Azken horiek izango dira gaur garaipena erdiesteko faboritoak. Alfaro eta Lazkano izen handiko bikoa izan da amateurretan, bai trinketean eta baita plaza librean ere. Biek elkarrekin txapel asko jantzi dituzte, baina gauza bat da amateurretan aritzea eta beste gauza bat profesionaletan, eta ikusi egin beharko da gaur arratsaldean zer nolako maila ematen duten. Bielle eta Ducassourentzat ez da lehen kanporaketa izango, pasa den astelehenean kanpoan utzi baitzituzten Lanbert eta Dermit, eta horrek, noski, indarra emango die. Alfarorentzat eta Lazkanorentzat, berriz, gaurkoa izango da lehen neurketa, eta hori beti izaten da arriskutsua.
Lazkanok oroitzapen onak izango ditu Garat trinketarekin. Izan ere, bertan jokatu zuen azken partida, buruz burukoa izan zen, eta ustekabean menderatu zuen Idiart, nahiz eta azken honek min hartuta utzi behar izan zuen partida. Hori gertatu zenean ere, aurretik zen Urruñakoa. Aurrekanporaketa honetatik bikote batek besterik ez du egingo aurrera, eta horixe izango da denen helburua.
Gaur garaipena erdiesten duenak, azkeneko kanporaketa bat jokatu beharko du, eta hori datorren asteburuan izango da Ertxeberriren eta Harizmendiren aurka.