GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Patxi Azparren Olaizola | Ezkerreko abertzale naufragoa

Espainiar nazionalismoaren ibilbide-orria betetzear

Jendartean eta mugimendu abertzalean gertatzen ari zen aldaketaz jabeturik, hegemonia ez galtzearren, EAJk ez zuen eragozpenik jarri espainiar nazionalismoa indartuko zuen Ajuria Eneko itunaren bultzatzaile izateko

Duela hamar urte, Lizarra-Garazin, abertzaleon lidergoan oinarritutako bake prozesuak autodeterminazio prozesua abian jarriko zuela egiaztatu zen. Marko juridiko-politikoaren aldaketaren beharra eta alde anitzetako sufrimenduaren bukaeraren beharra, euskal herritar gehienek zituzten bi nahi nagusiak ziren. Hori dela-eta, Lizarra-Garazirekin batera indar korrelazioa biziki aldatu zen, gehiengo abertzalea zabaldu zen.

Egoera berriaz oharturik, espainiar nazionalismoak ekintza batasunari ekin zion, gehiengo berria eta lerrotze politiko berria zapuztea ezinbestekoa baitzuen. Berehala lortu zuten, non jo behar zuten ederki zekiten eta.

Arrakastaz oldarturik, abertzaleon esku zeuden botereguneetara jo zuten. Lehenengo saiakera Oreja-Redondo bikoteak egin zuen. Bikote trakets horrek ezin izan zuen helburua lortu eta garai hobe baten zain geratu ziren.

Zapatero etorrita, aldaketa kosmetiko batzuk egindakoan, ezker abertzale tradizionalaren indarrak neurtzeko Loiolako prozesuan sartu ziren. Bitartean, EAJn autonomista neoliberalek gidaritza berreskuratu eta PSOEri laguntza eskaini zioten.

2000tik 2008ra, EAJren sektore jakin batek arestian aipatutako bi behar horiek aseko lituzkeen ibilbide-orri baten kudeaketa egin nahi izan zuen. 2001ean Ibarretxe buru zelarik, koalizioan, 600.000 boz eskuratu zituztenean, bakerantz eta burujabetzarantz eraman ahal izango gintuen lidergoari eusteko gaitasuna izan zezakeela ematen zuen. Baina bide hori etxetik zapuztu zioten, EAJ babestu ohi duten indar ekonomikoen ordezkariek ezin baitzuten konfrontazio demokratikora eramango gintuen eskalada politikoa onartu.

Oraingo honetan Orejak lortu ez zuena eskuratuko zutelakoan, PPk bere agintaldian sortu zituen tresna politiko-militar eta judizialez baliatuz, PSOEk Loiolako prozesuari amaiera eman zion. Sabin Etxetik Lakuako ibilgailuaren gurpilak zulatzen zizkioten bitartean.

Nafarroa Garaiko hauteskundeetan aurreratu ziguten. Nafarroa Bairi ziria sartu eta gero, ANVri arpa jo ondoren, Imaz lanpostu batekin saritutakoan, Urkullurekin hartu-emanetan hasi ziren. Jauzia prest zegoen, bigarren kapitulua burututa, Ajuria Eneko atea zabalik.

Eta hauteskundeak heldu ziren. Berriz ere, ezkerreko abertzaleon esku izan dugu ezuste on bat emateko aukera eta espainolismoaren planak birrintzeko parada; berriz ere, arerioak idatziriko lerroetatik zintzo ibili gara.

Orain, PP-PSOEk prestatu zuen ibilbide-orriaren kapitulu garrantzitsuenetariko bat bete berri da. Baliabide guztiak dituzte. Oposizio politikoa ilegalizatua ala minimizatua.

Ajuria Eneko Itunaren atarian, PNVk, PSOEK eta APk 38 legebiltzarkide zituzten. Egun, hirukoteak gehi Rosa Diezek 69. Edozein sarraski egiteko tresnak gertu.

Azkar eta originaltasunez erantzun ezean, gureak egin du; egoera ez da txantxetan hartzeko modukoa. Bakea, eraldaketa politiko zein sozialaren lidergoa ezkerreko abertzaletasunak bideratu behar du, eta aldaketa sakonik gabe Euskal Herriaren berezitasunak zimurtzen hasiko dira.

Duela 20 bat urte, Euskal Herrian korronte ideologiko berrienak euskaltzaleak ziren. Korronte horiek gaztetxeetan, antimilitarismoan, intsumisioan, ekologismoan, feminismoan, irrati libreetan eta hainbat eta hainbat tokitan izan zuten isla. Urte horietan ematen ari zen aldaketa ideologikoak norabide berean jarraitu izan balu, hamar urteren buruan ezkerreko abertzaletasuna EAJren parean lehian ibiliko zen. Jendartean eta abertzale mugimenduan gertatzen ari zen aldaketaz jabeturik, hegemonia ez galtzearren, EAJk ez zuen eragozpenik jarri espainiar nazionalismoa indartuko zuen Ajuria Eneko itunaren bultzatzaile izateko.

1991rako borroka armatua bukatu behar zela bistan zegoen (dago). Sufrimendua jasangaitza zen (da), giza eskubideen urraketa larria zekarren (dakarren) jardun armatuak esparru berrietara iristeko muga gaindiezinak ezarri zituen. ETA PSOErekin amaiera duina ematen ahalegindu zen eta 20 urte beranduago Loiolan geratu zen legez, PSOEk iruzurra egin zuen.

Ezinbestekoa eta premiazkoa den borroka armatuaren bukaera duin eta emankorra ez da inoiz PSOErengandik helduko. Marko juridiko-politiko berria ez du EAJk gidatuko, Ibarretxe etxeratzean bere azkeneko aukera historikoa galdutzat eman baitezakegu.

Zoritxarrez, oposizio politikoan kinka larrian gaude. Gero eta murritzagoa den esparru politiko honetan ere hegemonismoaren gaitzak jota daude, biziraupenaren sindromearekin batera etorri ohi den gaitz higuingarriak jota, alegia.

Elkarri laguntzen ez badiogu, elkarlana nagusitu ezean, kanibalismo politikoa herriari zor zaion leialtasunaren gainetik jartzen jarraituz gero, Ajuria Eneko bigarren bertsioaren atakan gauden honetan, lehenengo erasoaldiak egiteke utzi zuena bukatuko dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo