Iranen kontrako zigorrak urtebetez luzatzeko agindu du Barack Obamak
1995. urtetik aurrera presidente guztiek egin bezala, Barack Obamak ere Iranen aurkako zigorrak berresteko erabakia hartu zuen atzo, Etxe Zuriak jakitera eman zuenez.
GARA
AEBetako presidente Barack Obamak urtebetez luzatu ditu Iranen kontrako petrolio blokeoa eta errepublika islamiarraren aurkako gainerako neurriak, Etxe Zuriak ostegunean jakitera eman zuenez.
1995. urtean Bill Clintonek sinaturiko dekretu bat luzatu du Obamak. Horrek AEBetako enpresei Irango petrolioa ateratzen laguntzea debekatzen die. Dekretu hori AEBek Irani «nazioarteko terrorismoa» leporatzen ziotelako sortu zen.
Urtez urte AEBetako presidente guztiek zigor horiek berretsi egin dituzte.
Azken urteotan, Washingtonek zigorrak gogortu egin ditu gainera, Iranen programa nuklearraren aurka egiteko, nahiz eta Teheranek behin eta berriz azaldu duen teknologia hori soilik helburu zibiletarako erabiliko duela eta ez armak ekoizteko.
Nazio Batuek ere, programa nuklearra dela-eta hirutan ezarri diote Irani zigorra.
Afganistango elkarrizketak
Bestalde, Irango Errepublika Islamiarreko presidenteorde Esfandiar Rahim Maxaiek adierazi zuenez, Iran Afganistanen inguruan egingo diren elkarrizketetan parte hartzeko prest dago, baina oraindik ez du horretarako gonbidapenik jaso.
«Hillary Clintonek [AEBetako Estatu idazkari berriak] jarrera irekiagoa duela entzun dugu. Baina oraindik ez dugu inolako gonbidapenik jaso», esan zuen Maxaiek Ottawan egindako prentsaurreko batean. Diasporako irandarrak bisitatzera joan da Kanadara.
«Partaide ugari izango dituen Afganistani buruzko elkarrizketa antolatzea biziki garrantzitsua da gure ustez», nabarmendu zuen Maxaiek.
Nazio Batuek Afganistango egoera aztertzeko nazioarteko bilkura antolatu dute martxoaren 31n Hagan, ostegunean Herberehetako Gobernuak esan zuenez.
Joan den astean, Clintonek Iran bilkura horretako gonbidatuetako bat izan zitekeela adierazi zuen. Hala ere, Hagako bilkuran parte hartu ala ez erabaki aurretik Teheranek egitarauaren berri izatea komeni dela bota zuen Maxaiek.
Horrez gain, Kanadak Afganistanen dituen tropak 2011 baino lehen bertatik aterako direla jakitea pozgarria dela gaineratu zuen Maxaiek eta Ottawarekin lanean aritzeko borondatea azaldu zuen.