Berezkoak
Aurrekariei begiratuta, Waltari da faborito
J.L. | BAIONA
Waltari eta Ezkurra II.a gaur neurtuko dira Baionako Modernen 18.00etatik aurrera, Buruz Buruko txapela janztea helburu dutela.
Kubatarra eta lapurtarra, iazko finalista berak, eta faboritoa ere bai, amerikarraren alde nabarmen aterako baita dirua. Orain arteko aurrekariek horrela baldintzatzen dute, eta euskaldunak galtzak bete lan izango du iaz galdu zuen txapela berreskuratu nahi baldin badu.
Ezkurra eta Waltari dira askoren ustez, bakarka jokatzeko egun dauden bi onenak, emaitzek halaxe erakusten dute. Aurten era horretan lehiaketa bakarra jokatu da, Superprestigioa, eta hura Ezkurrak bereganatu zuen.
Gaurkoan, ordea, gauzak oso bestelakoak izango dira. Horietako bat trinketa da. Moderne berunezkoa da, oso azkarra, pilota fite ibiltzen da bertan, eta hori Waltarirentzat oso aproposa da. Kubakoak sekulako abiadura ematen dio pilotari, kintzea oso azkar amaitzen du, ez zaio piloteorik eta tantoa lantzerik gustatzen, eta horretarako Moderne oso egokia da.
Iazko finala erraz irabazi zion Waltarik Ezkurrari, eta aurtengo txapelketan neurtu direnetan ere bai. Garendainen jokatu zuten elkarren aurka, Zuberoako trinket hori ere berunezkoa da, eta han Agustiri aurka egitea oso zaila da.
Paxkalek horren jakitun da, badaki lan zaila izango duela, baina bere aukerak ere baditu, eta horiez baliatzen saiatuko da. Txapeldunak dena ez du ona, baditu gabeziak, eta horietako bat errestoan dauka. Horretarako, ordea, Ezkurrak aukera izan behar du, eta sakea ongi sakatu. Hori lortzen badu, eta bera ere errestoan ongi baldin badabil, zerbait egin ahal izango du. Izan ere, amerikarraren sakeak zitalak dira, kintze osoa ez bada, erdia izan ohi da askotan, eta berari erantzutea ere garrantzitsua izango da aukerak eduki ahal izateko.