GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Eguzkik neurrigabeko zuhaitz mozketa eteteko esan dio Donostiako Udalari

«Urgull mendiko harresiaren garbitze eta mantentze lanen aitzakiapean, atzean interes turistikoak dituen zuhaitz mozketarik» ez egiteko eskatu dute Eguzki taldekoek. Guztira 175 ale bota dituztela salatu dute.

p021_f02_49394.jpg

GARA |

Eguzki ekologista taldeko kideek Urgull mendiko hobetze lanetan zuhaiztiak errespeta ditzan eta helburu turistikoen aitzakiapean zuhaitz mozketarik ez egiteko eskatu diote Donostiako Udalari.

Urgullen hobetze lanen hirugarren fasean harresiari kalte egin diezaioketen «tamaina handiko zuhaixkak» eta «balio eskaseko zuhaitzak» erretiratuko zituela azaldu zuen Udalak. Alabaina, Eguzkiko kideen ustez, «eufemismo horren atzean turistek urrunetik harresiak ikus ditzaten oztopo diren zuhaitzen mozketa ezkutatu nahi dute». Gainera, «hizkuntza teknikoan `Urgulleko elementu historikoen multzoari balioa ematea' izena jarri diote», salatu zuen Eguzkik.

175 zuhaitz gutxiago

Ekologistek argi utzi nahi izan zuten ez daudela harresia garbitu eta mantentzeko arriskutsu izan daitezkeen aleak erretiratzearen aurka. Baina, «ez dugu onartzen aitzakia hori, zuhaitzen neurrigabeko mozketa egiteko», nabarmendu zuten. Izan ere, «ezin da nahastu balio historikoa duten elementuak berreskuratzea eta horien mantentzea, turismoari begira eginiko zuhaitz moztearekin».

«Guztira, 175 zuhaitz desagertu dira Urgullen azken bi urteotan», zehaztu zuten Eguzkikoek. «Eta kopuru horrek harresitik 3 metro barrurantz zeuden zuhaitzak hartzen ditu kontuan, harresiaren inguruetatik kendu dituztenak ez baititugu zenbatu ere egin», gaineratu zuten.

«Ez da errezelo hutsa»

Eraberritzearen aurreko bi etapetan ere «arrazoirik gabe moztu ziren zuhaitzak, harresia agerian uzteko helburuarekin». Horregatik, Eguzkikoen esanetan, «oraingoa ez da errezelo hutsa». Talde ekologistak salatu zuenez, lehenbiziko esku hartzea Ingelesen Hilerrian eta tiro galerian egin zuen Udalak 2007ko otsailean; orduan «50etik gora izan ziren moztu zituzten zuhaitzak, eta ez zuhaixkak», argitu zuten Eguzkiko kideek.

Gaineratu zutenez, urte bereko irailean, Motako harresian 40 zuhaitz inguru bota zituzten. Azkenik, 2008ko abuztuan Santiagoko behatokiaren behealdean 17 zuhaitz bota zituzten «hango ikusmira hobetzeko aitzakiarekin». Hori gutxi balitz, «nahiz eta horrekin Udalak inongo zerikusirik ez izan, azkenengo kolpea urtarrileko zikloiak eman zuen, mendiaren inguruko 60 zuhaitz bota baitzituen», azaldu zuten ekologistek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo