GARA > Idatzia > > Kultura

Marrataluma liburu azoka berria ereingo du Hondartza elkarteak, urtero loratzeko asmoarekin

Liburuak, poesia eta haurrak izango dira protagonista martxoaren 21ean eta 22an egingo den Marrataluma liburu azokan. Etorkizunean loratuko den literatur hazia erein nahi dute Uztaritzen.

Idoia ERASO | UZTARITZE

«Hitzen nekazaritza eginen dugu, eta saloia udaberriko seme bat izanen da», adierazi zuen Patrice Rouleau idazle eta ekimeneko antolatzaileak. Lorategia izango da ekintza askoren gai nagusia literaturak duen poesia loratzen uzteko asmoz.

Elkar edo Piremont argitaletxe handien ondoan garrantzi berezia hartuko dute beraien lanak argitaratu dituzten idazleek. Hori da «gure saloiak duen originaltasuna», azaldu zuen Agnes Zimmerman antolatzaileak. Forumak, liburu aurkezpenak eta ikusgarriek osatuko dituzte helduentzako ekitaldiak.

Poesiak ere toki berezia hartuko du Uztaritzen, irakurria, idatzia eta sentitua izan dadin dute helburu antolatzaileek. Izan ere, saloiaren lehendabiziko eguna, martxoaren 21a, Unescok Poesiaren Nazioarteko Eguna izendatu du.

Idatzitako poesia ez da bakarrik inprimatua izango, bisitariek ere beren sormena garatzera aukera izango dute. Horrela, poesien «haziak» bilduko dira, hau da, edonork bere poesia idatzi ahal izango du eta paperarekin pilota bat egin eta gero, saski batean bota beharko du. Ondoren «iratxo» txiki batek hazi bat aterako du eta beste guztiak jendearen artean «landatuko» dira. «Poesian gure haziak ez ditugu aukeratuko, dena hazten utziko dugu. Bai belar onak bai txarrak», baieztatu zuen Patrice Rouleauk. Horrela, olerkaritza denean sentiarazteko asmoa dute.

Haurrei zuzendua

«Gure hitzaren haziak landatuko ditugu, ondoren uzta biltzeko», esan zuen Rouleau idazleak. Txikienen artean hasiko dira landatzen aurten. Inguruko bost eskolek hartuko dute parte saloian. Ikastetxe bakoitzak gai baten inguruan liburu bat idatziko du Marraluman aurkezteko. Liburu horietako bat salgai izango da, sukaldaritzaren gaia hartuz errezetak idatziak dituena hain zuzen ere.

«Haurrek beren txoko berezia izanen dute, bost urtera artekoentzat gela bat jarri dugu, baratze poetikoa», azaldu zuen Fred Ford idazle eta antolatzaileak. Irakurketak eta jokoak antolatu dira haurrentzat. Sei urtetik gorakoek ere izango dute zer egin, irakurketez gain, pertsonaiak eta istorioak sortzeko aukera izango dute, beti ere lorategia gai hartuta.

Ikas zentroak bat egin du saloiarekin eta antolakuntzan parte hartu du. «Aurrestreinaldi» bat ere eskainiko dio Marratalumari, oraindik argitaratua ez dagoen Amaia Hennebutte Millarden azken lanaren orrialde batzuk irakurriak izango baitira bertan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo