GARA > Idatzia > > Kultura

Berrogei artista elkartuko dira Baionan, La Puce des Arts arte garaikideko azokan

A. B. | BAIONA

Ondoko martxoaren 21 eta 22an ospatuko da Baionan La Puce des Arts ekimenaren zazpigarren edizioa. Bi egunez, Euskal Herriko eta Akitania eskualdeko 50 bat artista elkartu da arte garaikideko azoka horretan. Artearen aniztasuna publikoari zabaldu nahi dion ekimen honek, artista profesionalak zein amateurrak bultzatzea du helburu. «Egun bizi dugun egoera kontuan hartuta, artistek horrelako ekitaldien beharra daukate, eta herritarrek, bestalde, amets egiteko ekimenak nahi dituzte», argitu zuen Agnes Zimmerman Arcad elkarte antolatzaileko ordezkariak.

Urtero 3.000 lagun inguru elkartzen ditu Baionako elkartetxean. Aurten, margolariak izango dira nagusi eta, horiekin batera, zizelanak, zeramika, bideoa eta instalazio artistikoak. Atzo Baionan egindako aurkezpenera hurbildutako artistek, horrelako merkatu batek duen garrantzia nabarmendu zuten. «Publikoarekin elkartzeko gune bat izatea garrantzitsua da. Gainera, urtean behin antolatuta, edizio batetik bestera obra berriak ekoiztera behartzen zaitu», goraipatu zuen Claude Biais margolariak. Bestalde, eztabaida bultzatzeko gune bat ere badela nabarmendu zuten.

Arcad elkarteak Ur Taldearekin elkarlana bultzatuko du aurten eta, kari horretara, Baztango lau artistaren obrak azalduko dituzte. Urtean zehar Baionako Kalostrape ostatuan Euskal Herriko artistak bultzatzeko erakusketak antolatzen ditu Ur Taldeak. Baztango artisten obrekin batera, beste lau margolari gonbidatu dituzte. Horrez gain, Ur Taldearen sortzaile Kepa Arizmendi eta Ricardo Pascualek publikoaren aitzinean desegituratuko den obra bat egingo dute, «hogei puskatan zatituko den obra bat eginen dugu».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo