Nafarren poltsikoak hustuko dituen Ťanekdotať: xahuketa gutxi balitz, ezkutaketa
Krisialdia ez da arazoa Nafarroako Gobernuarentzat eta PSNrentzat edozein proiektu ordaintzeko; esate baterako, Abiadura Handiko Trena. Madrilek finantzatzen ez badu, hortxe daude UPN, CDN eta PSN behar den diru guztia -eta diru asko da- jartzeko. Horixe proposatu diote Madrili, finantziazio sistema adostu ezinik. Hartara, Nafarroak hurrengo «bi edo hiru urteetan» AHTren obren dirua aurreratuko luke. Dirua ez da arazoa... norberarena ez denean. Kopuru potoloa da Nafarroak, 2012 Planaren kalkuluen arabera, AHT egiteko ordaindu behar lukeena (ia 380 milioi euro), askoz potoloagoa Nafarroako Gobernuak aurreratu nahi duen kopurua, Plan horren araberako aurrekontua 831 milioi eurokoa baita. Baina atzo Sanz presidenteak ez zuen esan -ez zuen esan nahi izan- zenbat aurreratuko duten, bere esanetan, «anekdota» baizik ez delako. Garai ekonomiko bereziki zail honetan nafar guztien poltsikoak astinduko dituen anekdota. Inondik inora nabaritu ez den «gizarte-eskarian» oinarritutako diru xahuketa ikaragarria gutxi balitz, ezkutaketa lotsagarri horrek agerian utzi du Nafarroako Gobernuko alderdiek eta PSNk herritarrak aintzat dituztela... kosta ahala kosta ordaintzeko.