GARA > Idatzia > Iritzia > Txokotik

Xabier Izaga Irakaslea

Antzekoen arteko transbertsalitatea

Ezusterik gabe segitzen dute Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Autonomiako Legebiltzarrean ordezkariak lortu dituzten alderdi gehienen arteko bilerek eta zenbait ordezkari lortzeko adina boto jasota ere, zehar-(azpi)jokorako prest ez dagoenaren baztertzeak. Eta Lehendakaritzaren irabazleak zeharkakoenak izango dira. Zeharkakotasuna (garbizaleegia, ezta? Hau ere Euskaltzaindiari), transbertsalitatea alegia, garai berri honen altxorra da-eta. Kontzeptuaren copyright-a Petronorreko ordezkari (ez Legebiltzarrean, ordea) Josu Jon Imazena da, baina PSEk eraman du ura, edo kontzeptua, bere errotara, PPren gustura (ezker abertzalea) ehotzen duen errotara, berea ere baden edo, behinik behin, errotari-plantak egiten uzten dioten errotara. Ezin uka PPk, bere gabezia demokratiko handia -ikaragarria- gorabehera, zintzo jokatu duela bere hautesleekin.

Transbertsalitatea izan da PSEren aldarrikapen nagusia, ikur bihurtzeraino. Konplexuak astindu, eta (hobeto esateko, konplexuak astindu ezinik) kanpaina baino lehen lehendakarigaia euskararen alde agertu zen gaztelania-hiztunen eskubideak defenditzeko; hauteskunde kanpainan «gabon», «aurrera» eta beste 17 euskarazko hitz ebaki zituen naturaltasun osoz, inolako arazorik gabe lehendakari izan zitekeela erakutsiz; ikurrinaz bete zituen bere mitinak... Tira, Gasteizko Legebiltzarrean bandera espainola ezarri eta berehala, baina hori beste kontu bat da... Beste kontu bat?

Eta hauteskundeen ondoren, PSEk aldarrikatu zuen transbertsalitatea, hain zuzen, eskaini zion EAJk euskaldunon arrisku bizia omen zen alderdi horri. Ura berea den uste osoari eutsita, sozialisten errotaraino ubide bat egiteko prest agertu zen, esandakoaren kontra. Baina PSEk beste transbertsalitate bati ekin dio, Espainian pentsaezina den transbertsalitateari. Baina hari uko egitea, eta honek PSErentzat bezala PPrentzat ere balio du, barkaezina litzateke... Espainian. Ez da natura kontrako ituna, ezta berria. Ez Euskal Herrian.

Urak bere bidea egingo du, baina euskal abertzaleok zertxobait ikasi beharko genuke. Unionistengandik ere bai.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo