GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Kostaldea herritarren laguntzarekin garbitzeko deialdia egin dute Hendaian

Lehen aldiz Hendaiako kostalde guztia garbitzeko ekimena antolatu dute Abadiako eremuak eta Herriko Etxeak. Martxoaren 21ean gizakiak sortu hondakinak garbitzeko herritarren parte hartzea eskatu dute.

p020_f01_149x105.jpg

Idoia ERASO |

«Orain arte Abadian egiten zena Hendaiako kostaldera eta badiara zabalduko dugu», adierazi zuen Hendaiako Herriko Etxeko ingurumeneko zinegotzi Richard Beitiak. «Hau da, gure itsasbazterrari bere birjintasuna bueltatu behar diogu», gaineratu zuen Abadiako eremuko Ganix Grabieresek. Herritarren laguntza eskatzen dute kostaldea zikintzen duten hondakinak garbitzeko. «Garbiketa selektiboa» izango dela nabarmendu zuen Grabieresek. Bereizketa bi mailatan egingo da, alde batetik polit egiten ez duten baina naturalak diren adar, itsasbelar eta maskorrak utziko dira. Bestetik, bildutakoen artean birziklatu daitezkeenak eta ezin daitezkeenak bananduko dira.

Kostaldea hamar zatitan banatu dute eta larunbatean, martxoaren 21ean, goizeko bederatzietan jarri dute hitzordua boluntarioentzat. Zakarrontziak eta eskularruak antolatzaileek banatuko dituzte. Bilketa egin ondoren, batutako plastikozko hondakinak portuan utziko dira, horien artean bigarren bereizketa bat egiteko, birziklatzen ahal direnen eta ezin direnen artean. Jendeari irekia izango da, aldi berean birziklapenari buruzko ikastarotxo bat eskaintzeko.

«Udaberriko garbiketa» egiten ari dira Hendaiako kostaldean. Aste honetan hasi da Bidasoan dagoen Faisaien irlaren garbiketarekin. Jendeari debekatua zaion irla Herriko Etxeko zerbitzuek garbitu zuten. Aldi berean neguko ekaitz bortitzetan urperatu zen itsasontzi bateko hondakinak ere bildu zituzten ibaiaren hondotik.

Txingudiko badia osoa

«Zerbaitek mugarik ez badu, natura da hori», esan zuen Ganix Grabieresek. Lapurdiko aldean egingo den lana etorkizunean Gipuzkoarekin elkarlanean egiteko gomita luzatu zuten egitasmoaren arduradunek. «Bidasoa bat dugu guztiok eta ongi litzateke ingurumenari buruzko kudeaketa bateratu bat egitea», esan zuen Richard Beitiak.

Martxoaren 18an «Itsasoak uzten duena onartu, kostaldeko ekosistemak babestu» filma eskainiko dute Hendaiako Herriko Etxean, eta ondoren solasaldia egingo da.

Angeluko hondartzetako ura, zaintza zorrotzean

Baiona, Angelu eta Biarritzeko hiri elkargoak 1998an eraiki zituen bi araztegiek itsasbazterreko uraren kalitatea hobetzea lortu badute ere, Angeluko Urrezko Areak (Sables d'Or) hondartzak ura zikin dagoela-eta sarritan itxi behar izaten da, euri jasa handiak izaten direnean bereziki. Europan, 2010era begira, osasun arauak indartzearen aukera kontuan hartzen ari direla nabarmendu zuten CABABeko ordezkariek.

Angelun gertatzen diren kutsadurak Barbot errekaren ondoko saneamendu sarean dauden lotura arazoengatik direla adierazi zuen CABABeko saneamendu saileko presidenteorde Guy Mondorgek. Baina ur tratamenduaz arduratzen den Alliande Errezarret ingeniariaren arabera, ehun bat etxek sortzen duten kutsadurak ezin ditzake hain ondorio larriak sortu. Aldiz, euri gehiegi egiten duenean araztegien ur guztiak ezin dituztenez tratatu kutsadura hondartzara ailegatzen da. Errezarreten arabera, euri-uren eta etxeetako ur zikinen saneamenduak banatu beharko lirateke.

CABAB lanean hasiko da saneamendu egokia ez duten etxebizitzak berritzera behartzeko, diru-laguntzak ere emango dituzte horretarako. GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo