GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Seaskaren eta Hezkuntza Ministerioaren arteko negoziaketak abiatu dituzte berriro ere

GARA |

Aurreko ikasturtean Seaska Ikastolen Federazioak Paueko Ikuskaritza Akademikoarekin eratu hitzarmena berriro ere negoziatzen ari dira Hezkuntza Ministerioarekin. Negoziaketak hilabeteetan geldirik egon eta gero Seaskako ordezkaritza bat, Paxkal Indo presidentea buru zuela, Parisen izan da aste honetan.

Bilkuran Hezkuntza Ministerioko Eskualde Hizkuntzetako aholkulari Thierry Tesson, Bordeleko Akademiako errektore William Marois eta Pirinio-Atlantiarretako ikuskatzaile Philippe Carriererekin elkartu ziren Seaskako ordezkariak Parisen. Euskararen Erakunde Publikoko ordezkaritza bat ere izan zen bertan, Max Brisson presidenteak buru zuela. Ikastolen Federazioko ordezkariek adierazi dute «alde guztiek adostasunerako borondate argia agertu dutela, bai eta euskararen murgiltzen bidezko irakaskuntzaren aldeko engaiamendua ere».

Hitzarmena

Ikasturte hasiera guztietan Seaska eta Ikuskaritza Akademikoaren artean gatazkak sortzen dituen puntuak hitzartzea zuen helburu 2008ko lehen sei hilabeteetan bi alderdien artean prestatu akordio egitasmoak. Punturik garrantzitsuena irakasleen kopurua erabakitzeko ikasleen zenbaketa sistema ezartzen zuen.

Hitzarmena joan den urteko irailean sinatzekoa zen, baina orduan Ikuskaritza Akademikoak atzerapausoa eman zuen. Hitzarmen falta hori dela-eta, 2008-2009 ikasturtean Seaskak hamalau irakasle lanpostu ordaindu behar izan ditu Lehen Hezkuntzan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo