GARA > Idatzia > > Kirolak

Harri-jasotzea | Errekor ekinaldia PAREJAS

Urdax Magunazaleia denak aho zabalik uzteko moduko marka egiteko prest da

J.L. | DONOSTIA

 

Urdax Magunazelaiak itxaropen handia piztu du harri-jasotzaileen jarraitzaileengan. Hamaika urte besterik ez ditu, eta bihar Asteasun 105 kiloko harria jaso nahi du. Orain dela gutxi jaso zuen, oso erraz, 100ekoa, eta orain beste bost kilo erantsiko dizkio.

Mutil honek sekulako gaitasunak ditu, eta ezeren okerrik ez duela, zeresan handia emango du aurrera begira. Indar handiko mutila da, esan beharrik ere ez dago, duen adinarekin jasotzen duena jasotzeko. Plazan ere ez da kikiltzen, alderantziz, indartu egiten da, eta hori ere oso garrantzitsua da. Gero eta gehiago dira Aimar Irigoienekin konparatzen dutenak. Errezildarraren itxura handia hartzen die askok, adin horretan bera ere tankerakoa omen zelako.

Hala ere, ez dago presarik, eta agian konparaketak ere ez dira onak. Aimarrek 11 urterekin etorkizun ikaragarria zuen, eta hamar urte geroago dena egiaztatu du, ia aurkaririk gabe geratu baita. Urdaxi, ordea, errezildarrak egin duen bide hori betetzeko asko geratzen zaio, eta presarik ere ez zaio eman behar. Oso ona da, ez dago zalantzarik, eta bihar 105 kilo jasotzen baditu, sekulakoa izango da. Hemendik aurrerakoa berak esango du, eta aurreikuspenak betetzen baditu, sekulako berria izango da zale guztientzat .

Urdaxen marka ahalegina ikusi nahi duenak bihar Asteasura joan beharko du, beraz. 17.30ean hasita, Mendizabal eta Arrospide ere aizkoran arituko dira, bueltan 3 metroko diametroa duen enborra mozten. Iparraldeko jokoak ere izango dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo