Sokatira | Euskal Herrikoa
Abadiñok falta duen txapela ere beretzat nahi du
Gaur abiatuko da Ainhoan 560 kiloko lehiaketa. Hiru jardunaldi izango ditu ligaxkak, eta horren amaieran bukatuko da aurtengo Euskal Herriko Txapelketa.
Jon LEUNDA | DONOSTIA
Abadiñok denboraldiko laugarren txapela ere bereganatu nahi du, eta gaurtik aurrera horretan saiatuko da 560 kilotan. Hiru jardunalditatik lehenengoa jokatuko da gaur Ainhoan, 18.00etatik aurrera
Bizkaitarrak oso indartsu agertu dira orain arte, gainerakoei koska bat kentzen diete. Bai Euskal Herrikoan bai Nazioarteko Torneoan beldurgarri aritu dira lanean, eta goma gaineko denboraldia amaitzeko falta den pisuan ere ez dute hutsik egin nahi. Hala ere, 560koan izan ditzake aurkaririk gehien, eta Amaiur eta Ñapurrak prest daude ezustea eman eta bizkaitarrak estutzeko. Gainera, Ñapurrak taldeak badu beste gauza bat bere alde ere. Izan ere, jokatuko diren hiru saioetatik bi etxean edo oso gertu izango dituela. Gaur, Ainhoan, Ezpeletatik oso hurbil, eta hurrengoa Ezpeletan bertan. Beraz, bere jarraitzaileen babesa jaso ahal izango dute. Azkeneko jardunaldia Elizondon izango dute, eta hura ere ez dute oso aparte. Egoera beretsuan dago Amaiur ere, hiru herri hauek ez baitaude beraien herritik urruti. Abadiño izango da hiruretan kilometrorik gehien egin beharko dituena, baina beraiek dira faborito, eta lehen jardunalditik hasi nahi dute ahalik eta punturik gehien batzen.
Aipaturiko hiru talde horiez gain, Berriozar eta Baiona ere arituko dira. Bost talde besterik ez, eta horietatik bina Nafarrotik eta Lapurditik, eta bat Bizkaitik. Beste herrialdeetatik ez da talde bakar bat ere arituko pisu honetan. Hori da gaur egun sokatiraren egoera.