GARA > Idatzia > Kirolak > Errugbia

Lapurtarrek Europari begira aritu beharko dute

Jon LEUNDA | BAIONA

Datorren urtean Heineken Kopa jokatzeko txartela lortzeko borroka horretan, beste urrats bat eman nahi dute gaur Avironek eta Biarritzek. Aukera ederra dute, batez ere zuri-urdinek, garaipenaren bidetik jarraitzeko.

Bietan jokatzen lehena Aviron izango da, eta Akize hartuko du Jean Dauguer estadioan 14.30etik aitzina. Ustez, partida erraza da, Landetako taldea jaitsierako postuan baitago, eta azkenaldian, gainera, beheranzko joera hartuta dabil.

Partida hauek, ordea, zailak izaten dira. Derbi kutsua izaten dute, azken batean, Akize eta Baiona gertu daude, eta Landetatik ere jende asko etorriko da Lapurdiko hiriburura.

Gainera, haientzat ere garrantzi handiko puntuak dira, ez jaitsierako lehia horretan sartuta daudelako bakarrik, baita zuri-urdinen artean aritutako bat baino gehiago daudelako ere, eta Jean Dauguerren irabazteak beti ematen du indar berezia.

Avironentzat esan beharrik ere ez dago, lau puntuek sekulako balioa dutela, baina bost lortzea garrantzitsua izango litzateke. Heineken Kopa jokatzeko txartela emango lukeen postuan daude zuri-urdinak, une honetan seigarren baitaude. Baina horrez gain, finalerdietarako txartela ere ez dute oso aparte, sei puntura baitute, eta hori ere buruan dute Baionan. Arrazoi asko dituzte, beraz, Baionan, gaurko garaipena erdiesteko. Galduta, urrats bat atzera emango lukete, eta laugarren postu hori ia ezinekoa izango litzateke; eta seigarrena ere galdu dezakete.

20.30ean hasiko da Biarritzek Montpellierren jokatuko duen partida. Neurketa hau, ustez, Avironena baino zailagoa da, baina ez da txar horietakoa. Zuri-gorriak gorantz ari dira, Jean Michel Gonzalezen lan egiteko era hasi da emaitzak jasotzen, eta une honetan seigarren postutik sei puntura daude, eta Europako lehiaketa handiena jokatzeko aukerak, berriz, hamabi puntura dituzte.

Finalerdietan sartzea ia galdutzat jotzen zen Biarritzen, baina azkenaldiko emaitzak ikusita, hor ere, zaila izaten jarraitu arren, aukerak badituzte, baina horrekin guztiarekin aurrera jarraitzeko, gaur irabaztea ezinbestekoa izango da. Gainera, Sei Nazioetako torneoa dela-eta, baja batzuk izango dira talde zuri-gorrian.

Sei Nazioak

Sei Nazioetan, fase garrantzitsua hasiko da, lehiaketa amaitzear baitago. Gaur, bi partida jokatuko dira. 16.00etatik aurrera, Galesek Italian jokatuko du. Azken hauek txapelketa hau irabazteko aukerak dituzte, eta ustez, gaur ez lukete arazorik izan behar garaipena erdietsi ahal izateko.

Bi oren geroago hasiko da Eskozia eta Irlandaren artekoa. Irlandarrek lehiaketa irabazi nahi dute, eta horretarako lau puntuak batu behar dituzte. Bihar, 16.00etatik aurrera, Ingalaterra eta Frantzia izango dira aurrez aurre.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo