GARA > Idatzia > > Kultura

500.000 zalek erosi dute sarrera Michael Jackson zuzenean entzuteko

«Michael Jackson `poparen erregeak' hamar kontzertu emango ditu uztailean Londresko O2 aretoan» izan genuen AEG Live zuzenekoen antolatzaileek zabaldu mezua. Zaleen erantzun bizkorra medio, zuzenekoen kopuruak gora eta gora egin du, berrogeita hamar ingurura hurbiltzeraino. Eta hori guztia gutxi balitz, sarrerak salgai jarri eta denbora gutxian milioi erdi lagunek erosi dute artista «zuri-beltza» zuzenean ikusteko txartela.

p048_f01_199x116.jpg

Anartz BILBAO | BILBO

Badira barrabaskeriarik handienak eginda ere, suntsiezinak diren mitoak, Michael Jackson kasu. Atzo beltz izandako artista, egun, iparra galdutako gizakia den arren, oraindik ere gai da munduan zehar barreiaturik dituen zale zoroekin Londresen hitzordua jarri eta oso denbora gutxian bertan emango dituen 50 kontzertu ingururako milioi erdi sarrera saltzeko, egindako gehiegikeriak gehiegikeria.

Ume koskorra zela talentu izugarridun artista izatetik -helduek esplotatuta, etekin ekonomiko izugarriak eman zituen orduan- zirko mediatikoko txotxongilo nagusi izatera igaro, eta kuxkuxeroak elikatzen ditu egun Jacksonek, bere xelebrekeria, grina sexual susmagarri (gaztetxoak bortxatzea egozten zioten salaketei dagokienez errugabe jo zuten, dirutza ordainduta) eta osasun makala medio -berrogeita hamar urte ditu egun-.

Zuzenekoak aurkezteko egindako prentsaurrekoan, hiru minutu eskasetan, honakoa esan zuen: «Hauek izango dira nire azken agerraldiak Londresen. Dagoena hau dela esaten dudanean, hau da dagoena. Zaleek entzun nahi dituzten kantuak kantatuko ditut. Asko maite zaituztet, bihotz-bihotzetik. Uztailean ikusiko dugu elkar». Kontua behar bezala biribiltzeko, antolakuntzaren esanetan, «zaleek erakutsitako grina ikusita, Michael zuzenekoetan aritzeko ilusioz gainezka dago orain, eta dantzari taldea aukeratua du».

Zenbat zale sarrerarik gabe?

Berrogeita hamar kontzertu inguru dira orain arte iragarritakoak, London O2 Arena aukeratutako oholtza, hogei mila zale biltzeko aproposa. Guztira beraz, ia milioi bat Jackson-zalek izango du zuzenekoetara joateko parada - oholtza gainean desegingo ote den jakinminez akaso?-. Chris Edmonds, sarrerak saldu dituen Ticketmasterren arduradunaren hitzetan, «aurrekaririk gabeko eskaria izan dugu, eta adibide bat jartzearren, minutu batean 333 sarrera saltzera iritsi gara». Hori dela eta, Jackson «estasian» omen dago.

Sarrerak 54 eta 81 euro bitarteko salneurrian saldu dira, eta Ticketmasterren bitartez ez ezik, www.michaeljackson.com atarian izena emandakoek eskuratu ahal izan dituzte. Horrez gain, sarrerak aurrez aurre erosteko irrikaz ziren zale gazteenek sekulako ilarak sortu zituzten Londresen, eta txarteldegi aurrean kanpin denda paratu eta bertan gaua pasa zuenik ere bada, ohiko bihurtzen ari denez.

Gainera, «plofaren erregea» zuzenean ikusiko duten zale kopurua baino, beti geldituko zaigu zalantza hura ikusteko sarrerarik gabe gelditu direnen kopurua ez ote den albiste are aipagarriagoa. Ba ote da euskaldunik tartean?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo