GARA > Idatzia > > Kultura

Zinemaldiko atzera begirakoetan, Richard Brooksen lana eta Estatu frantseseko zinema berriena

Krisiaren mamuaren pean burutuko den Donostiako Zinemaldiko 57. edizioak, Brooks zinemagile estatubatuarra eta Estatu frantsesean egun dauden korronte berriak hurbilduko ditu atzera begirako atalean.

p043_f02_96x96.jpg

GARA | DONOSTIA

Atzera begirakoak atalean ikusi ahal izango dena da orain artean Zinemaldiaren edizio berriaren gainean ezagutzera eman dutena; atal horretan Richard Brooks zuzendariaren lana eta Estatu frantseseko korronte berriak ikusteko aukera izango dute zinemazaleek. Instituzio publikoek emango dituzten diru-laguntzen inguruan ika-mika handia izan den arren, «aurreko urteetako edizioen mailari eutsiko dion edizioa antolatzeari» ekin diotela iragarri zuten atzo. Lehen pausoa, hortaz, atzera begirakoen sailean zein zinemagileren lanak ikusiko diren finkatzea izan da.

Lehenik eta behin, «Kontrauhina: Frantziako zinema berriena» atalean, Estatu horretan azken urteetan izan den korrontea eta eskola ezberdinen isla eskaini nahi dute. Irudi gisa, surfeko «kontrauhina» kontzeptua hartu dute, bi olatuek talka egin ondoren sortzen duten indarra edo kostaldean eragiten duena aipatzeko erabiltzen den hitza. Horrela, 60ko hamarkadan izandako Nouvelle Vague-k egungo zineman zer nolako aztarna utzi duen hausnartu nahi dute antolatzaileek, horren ondorioz azpiatal honetan batasunik gabeko lan asko eskaini.

Hollywoodeko klasikoak

Richard Brooks zuzendariaren lana izango da atal honetan jorratuko den beste ikuspuntuetako bat. Hollywoodeko klasiko ospetsuenetakoen egile da antolatzaileen hitzetan, «Cat On a Hot Tin Roof» eta «Sweet Brid of Youth» horren adibide. Baina sortzeaz gain, bere garaiko «politika eta gizartearen azterketa zirikatzailea» egin zuen Brooksek, arrazismoa eta hezkuntza sistemaren arazoak salatuz.

Brooksen lanen artean, literaturatik zinemara eramandako lanak nabarmendu daitezke, eta berak zuzendutako ia lan guztien gidoilari ere izan da. «Elmer Gantry» lanari esker, gidoi onenaren Oscar saria jaso zuen. Horrez gain, hirutan zuzendari onenaren sarirako izendatuta egon zen. «Bere zinemaren oinarria kazetaritza eta literatura ziren eta ekarpen handia egin zuen 50eko eta 60ko hamarkadetako adierazpideen aldaketan», ziurtatu zuten atzo antolatzaileek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo