GARA > Idatzia > Kirolak > Txirrindularitza

Armstrongen iritzia

«Contadorrek nerbioei eusten ikasi behar du»

GARA | BILBO

«Contadorrek oraindik badu zer ikasia 25 urterekin. Munduko onena da, baina nerbioei eusten, hauek kontrolpean izaten, ikasi behar du».

Horra Lance Armstrongek Estatu frantseseko «L'Equipe» aldizkariari eskainitako elkarrizketan botatakoa. «Contador urduriegia da oraindik, eta ez du zertan hala izan kontuan izanda talde bikainak inguratzen duela eta oso zuzendari ona duela gidari», gaineratu zuen txirrindulari estatubatuarrak.

Estatu frantseseko Cote d´Azur-en entrenatzen ari da egunotan Austineko beteranoa. Milano-San Remo klasikoa izango da Armstrongen parte hartzea izango duen hurrengo lasterketa. Larunbat honetan hasiko da eta Astana taldeko buru aterako da txirrindularia. Bestalde, Tourrean izatekoa den taldea aterako du Astanak Gaztela eta Leongo itzulian, hilaren 23tik 27ra bitartean.

Helburua argia da, Armstrongen beraren hitzetan: «Tourra baino lehen elkar ezagutu behar dugu». Horrez gain, Texaseko izarrak bere herrikide Levi Leipheimer Gaztela eta Leongo itzulia irabazten saiatuko den «susmoa» duela aitortu zuen. «Beraz, gogotik egin beharko dugu lan».

Sasoi onena hartu nahian

Tourra hasterako «sasoi betean» egon nahi luke Armstrongek. Hala, «Giroan %90ean nengoke. Ondorioz, Giroko aurreneko hamarren artean sartzea da nire helburua. Zorte apur batekin, baita lehenengo hiruren artean ere», esan zuen, bere helburu nagusiei buruz galdetuta.

Txirrindularitzara itzuli den honetan ezer berririk sentitu ote duen galdetutakoan, aldiz, gorputzak ez duela gaztetan bezala erantzuten adierazi zuen amerikarrak. «Bestetik, entrenamenduetan zuk erabakitzen duzu noiz bizitu erritmoa. Lasterketan, berriz, beste ehun aurkariren artean, haiek erabakitzen dute norberaren lekuan».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo