Tourra
Astana eta Cervelo barrura; Fuji kanpora
GARA | BILBO
Uztailaren 4a urruti dago oraindik, baina Tourreko antolakuntzak dagoeneko adierazi du zein taldek hartuko duten parte txirrindularitzako lasterketa nagusian. Hori ez ezik, zeintzuk ez duten parte hartuko ere eman du jakitera.
Hala, 2008ko Tourrarekin alderatuz, iaz betoa jasan zuen Astana taldea izango da berrikuntza nabarmenena. Le Grande Bouclék ezin dio ezetzik esan Alberto Contador eta Lance Armstrong partaide dituen taldeari.
Era berean, Tourreko iazko irabazle Carlos Sastreren Cervelo taldeak ere badu gonbidapena. Pro Tourreko lizentziarik ez duten beste talde gonbidatuak hauek dira: Skil-Shimano eta Agritubel.
Ostikada Fujirentzat
Parte hartuko ez dutenen artean, berriz, Fuji Servetto. Erabakia ostiko galanta da Josean Fernandez Matxin eta Mauro Gianetti zuzendarientzat. Fuji taldea, Saunier Duval taldearen «oinordeko» izanik, Iban Mayoren, baina batik bat Ricardo Ricco eta Leonardo Piepoliren dopin kasuak «ordaintzen» ari da.
«Tourrak ez du bere irudia kaltetu duen talderik gonbidatzen», adierazi zuten antolatzaileek. Paris-Nizatik at geratu ziren eta TAS Kirol Arbitratze Auzitegian helegitea aurkeztu badute ere, ez dute ezer lortu. Horren harira, esan behar TASek Ricardo Riccoren zigorra 24 hilabetetik 20ra jaitsi duela dopinaren aurkako laguntza eskaintzeagatik.
Hala, Euskaltel-Euskadi, Caisse d'Epargne, Milram, Quick Step, Silence-Lotto, Team Saxo Bank (CSC ohia), Garmin, Columbia, AG2R, Bouygues, Cofidis, Française des Jeux, Lampre, Liquigas, Rabobank eta Team Katusha dira Monakon uztailaren 4an izango diren beste taldeak.
Azkenik, Floyd Landis estatubatuarrak, 2010ean Tourrera itzultzeko asmoa azaldu zuen, «berriz ere irabazteko». 2006ko Tourrean testosteronarekin positibo eman eta bi urteko zigorra betetzen ari da.