GARA > Idatzia > Kirolak > Pilota

Zesta-puntako I. Enpresen Arteko Masterra

Lehiaketa bateratua egoera berri bati hasiera emateko

Iazko udan izandako liskarren ostean, Master Jai eta Jai Alive elkarren aurka arituko dira asteburu honetan.

p039_f01.jpg

Asier AIESTARAN | DONOSTIA

Master Jai eta Jai Alive, zesta-puntako bi enpresa nagusietako pilotariek, elkarrekin jokatuko dute asteburu honetan Enpresen Arteko I. Masterra. Modu horretan, azken urteetan beren artean izan dituzten liskarrak alde batera utzi, eta enpresa bakoitzeko pilotari onentsuenen arteko lehiarekin gozatzeko aukera eskainiko diete zaletuei. Berri pozgarria, zalantzarik gabe, eta aurrerantzean ere jarraipena izan beharko lukeena.

Lehiaketa bihar bertan hasiko da Durangoko Ezkurdi pilotalekuan (18.00, ETB). Aurreneko finalerdian Olha-Elizegi (Master Jai) eta Foronda-Arriaga (Jai Alive) bikoteek neurtuko dituzte indarrak. Bigarren finalerdia, berriz, ostiralean jokatuko dute Alberdi II.a-Felix (Master Jai) eta Egiguren II.a-Hernandez (Jai Alive) bikoek Markinako Uni frontoian (18.00, ETB). Bi irabazleek larunbatean jokatuko dute finala Hondarribiko Jostaldi pilotalekuan, 16.45ean hasita, ETBk eskainiko duen jaialdian.

Paueko Kinielen Munduko Txapelketa alde batera utzita, ia urte eta erdi eman dute aipatutako bi enpresetako pilotariek elkarren aurka jokatu gabe -2007ko urriaren 21ean Landerrek eta Felixek 35 eta 21 menderatu zituzten Zen eta Arriaga, Markinan, Kontseiluaren Munduko Txapelketako hirugarren eta laugarren posturako norgehiagokan-. Geroztik, sonatuak izan dira bi enpresen arteko borroka eta iskanbilak.

«Zailena eginda dago»

«Zestarentzat oso berri ona da. Asko kostatu zaigu horrelako akordio bat lortzea, lan asko egin behar izan dugu, baina behin erabakia hartuta, pozteko modukoa da denontzat. Asteburu honetarako goi-mailako txapelketa antolatu dugu eta hori da garrantzitsuena», adierazi zuen Euskadi Irratian Iñaki Egiguren Jai Alive enpresako zuzendariak, aurkezpenaren ondoren.

«Etorkizunean argi dago bidea honek izan behar duela. Kontseiluaren Munduko Txapelketak ere, bai Buruz Burukoa eta bai Binakakoa ere, bi enpresek batera jokatuko ditugu. Hori ere oso berri ona da. Aurrerantzean ikusiko da zer gertatzen den, baina uste dut zailena eginda dagoela», gaineratu zuen Egigurenek, aurrerantzean bi enpresen elkarlanak jarraipenik izango ote duen galdetuta.

Azkenik, balantzea egiten hasita, Egigurenek argi eta garbi onartu zuen enpresen arteko liskarrek ez diotela onik egin zesta-puntari: «Nik uste zestaren egoera ez dela orain sei-zortzi urte baino okerragoa. Baina enpresa bakoitzak bere proiektuak bakarka eraman izana, eta txapelketa nagusietan bakoitza bere aldetik ibiltzea, eragozpena izan da. Hemendik aurrera zaleek aukera izango dute pilotari onenak elkarren aurka jokatzen ikusteko eta komunikabideentzat ere errazagoa izango da informazioa bideratzea. Egoera hobetuko da eta zesta-puntak ere asko nabarituko du hobekuntza hori».

Argi dago erabaki honekin Master Jai eta Jai Alive enpresek bukaera jarri nahi diotela orain arte bizitako liskarrei eta iazko udan gertatutakoari. Orduan, Aitor Totorika eta Pilota Kontseiluaren arteko haserreak denbora gutxian lau Munduko Txapelketa ezberdin jokatzea izan zuen ondorio, bi Buruz Buru eta beste bi Binaka. Nazioarteko Pilota Federazioak ere liskarrean parte hartu nahi izan zuen, eta egoera erabat ulergaitza bilakatu zen zaleentzat. Badirudi aurten ez dela horrelakorik errepikatuko, eta bi enpresak Kontseiluarekin ados jarri direla Munduko Txapelketa bakar bat jokatzeko.

AZKARRA

Lehiaketa azkarra izango da. Bihar jokatuko dute lehen finalerdia, Durangon, Olha-Elizegi eta Foronda-Arriaga bikoek. Etzi helduko da bigarrena, Markinan: Alberdi II.a-Felix / Egiguren II.a-Hernandez. Finala, larunbatean, Hondarribian. Partida guztiak ETBk eskainiko ditu zuzenean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo