GARA > Idatzia > > Kultura

Atxaga: «Gure hezkuntzarekin, mirakulua da irakurleak ateratzea»

Bidebarrieta liburutegian antolatu ohi dituzten «Eztabaidak literaturarekin» jardunaldien barruan, aurten euskara hutsez jorratzen den lehenengo hitzordua izan genuen atzo, Joxe Mari Iturralde eta Bernardo Atxaga idazleen parte-hartzearekin eta Pili Kaltzadaren gidaritzapean, «irakurtzearen eta idaztearen egitatea» ardatz hartuta. Urte berean jaiotako idazle gipuzkoarrek Pott bandaren sorreran parte hartu zuten Bilbon bertan, orain hiru hamarkada inguru.

p041_f01_97x120.jpg

Anartz BILBAO | BILBO

Pili Kaltzada kazetariak txukun prestatutako gidoiaren bueltan ordu eta erdiz solastatu ziren atzo Bernardo Atxaga eta Joxe Mari Iturralde idazle eta lagun zaharrak, Bidebarrieta liburutegiko areto dotorean bildutako entzuleen aurrean. Hauen artean, gazteak baino heldu gehiago, eta emakumeak nagusi. Tartean, gaztelaniazko bat-bateko itzulpenaz baliatu ziren batzuk.

Irakurtzea eta idaztea, orokorrean, ardatz hartuta aritu ziren beraz, lan zehatz eta argitaratu berriak aparte utzita. Idazle izateko irakurtzearen beharraz hasita, Iturraldek aitortu zuen: «Nik 40 urte egin nituenera arte euskal literaturan argitaratzen zen guztia irakurtzen nuen, baina orain plazaratzen den guztia ikusita ezinezkoa da». Horren harira, Atxagak esan zuen Leibniz filosofoaren biografia batean ohartu zela «bere liburutegian ehun bat liburu baino ez zituela». Gaineratu zuenez, «gutxieneko kopuru horrekin nahikoa litzake». Bestalde, «mundua bera liburu zabaldua da», nabarmendu zuen, eta beraien belaunaldian, musika bera poesiara hurbiltzeko bide zoragarria zela azaldu zuen: «Nigan poesiarako joera eta nahia ulertzen ez nituen kantak entzunez sortu zitzaidan». Nolanahi ere, «irakurketa funtsezkoa da baina ez da ikasbide bakarra», ondorioztatu zuen. Bide bertsutik, «oilarraren kukurrukuek jota esnatzen dira batzuk, baina beste batzuk isiltasunak esnatzen ditu» aipu suediarrarekin azaldu nahi izan zituen Iturraldek idaztearen egarriaren jatorri askotarikoak.

Iturraldek «zalantzan» jarri zuen orain gutxiago irakurtzen ote den ustea, eta ez zuen nahi izan ezkor agertu. «Egun askoz aukera gehiago dago eta umetan, behartuta bada ere, irakurtzen da, hamasei urterekin enamoratu eta irakurtzeari uzten dioten arren». Atxagaren ustez, «irakurketari eskaintzen zaion denboraren kalitatea da garrantzitsua, urrezkoa edo harrizkoa den denbora hori», eta bere aldetik, «egun irakurketari denbora kaskarra eskaintzen zaion ustea» plazaratu zuen. Norbaitek behin esana omen da «denbora aldatu da eta aurrerantzean adiskiderik ez da izango, adiskidetasunak behar duen denbora bukatu delako», eta irakurketari antzekoa gertatzen zaio Atxagaren ustez.

Solasaldi atsegina izan zen, baina hezkuntza sistema ahotan hartuta serio jarri, eta kritika zorrotza ere egin zuten. «Hemengo heziketa dagoen bezala egonda, mirakulua litzateke norbait ez idazle, baizik eta irakurle ateratzea ere» esan zuen gogor Atxagak. «Hemen sekulako iruzur bat gertatzen da, irakurketaren ingurukoa, eskolan eta hezkuntzan». Iturraldek bere meto- doa argitu zigun: «Nik ez ditut irakurtzera behartzen ikasleak, eta aurrena gazteen gustuak ezagutzen saiatzen naiz».

Behin berotuta, umorera jo zuten idazleek, eta teknologiaren onurez eta kalteez aspaldiko kontuak gogora ekarrita, Atxagak azterketa batean «Guttenberg bizikletaren asmatzailea izan zela» jarri izana aitortu zuen. Teknologiak aldaketak ekarriko ditu, baina emozioa ez omen da inoiz galduko. «Liburua da memoria eta irudimenaren luzapena, eta horregatik ez da inoiz desagertuko» esan zuen Iturraldek, Borgesen hitzak gogora ekarrita. Bukatzeko, liburu bana aipatzeko eskatuta, Atxagaren «Ziutateaz» aukeratu zuen Iturraldek, eta Arestiren «Harri eta herri» Atxagak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo