GARA > Idatzia > Kultura > Musika

Amesgaiztoa

Aritz SOUND SYSTEM | Kazetaria eta musika adiktoa

Gaur amesgaiztoa izan dut. Askotan bezala, herri mugimendu batek antolatutako jaialdi batera gonbidatu gaituzte, Bertsound system deitzen dugun saioa egiteko, hau da, bertsolariak, rap abeslariak, disko-jartzaile eta break dantzariak elkarlanean, eta horretarako bederatzi lagun elkartzekotan gara. Hamarretan da saioa (hori uste dugu behintzat) eta arratsaldeko bost eta erdietan martxan jarri gara, trasteak autoan sartu eta ordubeteko bidaia egiteko prest. Jaialdia ospatu behar den gunera iritsi eta, beti bezala, soinu probak egiteko, komeriak. Talde gehiago daude bertan eta zaila da guztiak koordinatzea. Pixkanaka, Bertsound systemean parte hartu behar duen jendea gerturatzen hasten da; Bilbo eta Barakaldotik batzuk, Legazpitik besteak, Lesaka, Iruñea, Donostia eta Hernanitik.

Antolatzaileek, agian ordutegiarekin larri ibiliko garela-eta, hamarretan beharrean bederatzietan hasi ote gaitezkeen galdetzen digute. Abeslarietako bat falta zaigu, arratsaldean beste saio batean ari da eta ezinezkoa izango du hamarrak aurretik iristea. Antolatzaileei proposatzen diegu jaialdian parte hartu behar duen beste taldeetako bat hastea, baina itxarotea erabaki dute. Bokatak hamarretan eman dizkigute. Azkenean, falta dugun abeslaria iritsi da hamar eta erdietan, eta afaltzeko denborarik gabe, agertokira igo, eta hasi dugu saioa. Antolatzaileek, saioa berrogeita hamar minutura mugatu dezagula eskatzen digute. Arazorik ez. Saioa ondo atera da, lokalak oso akustika txarra du eta abeslariek ezin izan dute elkar ondo ulertu, baina tira. Jendea gustura geratu dela dirudi.

Trasteak jasotzen ari garela, antolatzaileek, saioari buruzko inongo aipamenik egin gabe, jaialdiak atzerapen handia daramala eta horrek ondorio kaltegarriak eragingo dituela (taldeek denbora gutxiago jotzea, ordutegiagatik agian udalarekin arazoak izatea, eta abar), eta gure erruz hasi garenez berandu, agindutako dirua baino gutxiago ematea pentsatu dutela esaten digute. Zur eta lur geratu gara. Dirua? Zerikusirik al du diruak kontu honetan? Diru gutxiago jasotzeak konponduko ote ditu atzerapenak eragindako arazoak? «Kontratua» ez dugulakoan bete isun edo penalizazio antzeko bat da? Hasieratik esan genien dirua ez zela arazoa izango (gurekin gauzak egin dituztenek ondo dakite hori), eta atzerapenaren arazoak murrizteko proposamena egin genien (taldeen hurrenkera aldatzea). Instituzio eta enpresen mentalitatea bereganatzen ari gara, agian? Lehenengo aldia da horrelako ametsa egiten dudana eta ez errepikatzea espero dut. Errealitateak, fikzioa gainditzen omen du batzuetan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo