Garrantzi handiko partida Murtziaren aurka
Beheko taldeen aurka ere maila eman behar delako
Aurkari zuzenen aurka jokatutako azken zazpi partidetan lau puntu baino ez dituzte bildu babazorroek.
Jon ORMAZABAL | GASTEIZ
Ligak aurrera egin ahala, helburu berberengatik borrokan ari direnen aurkako partidetan jokoan hiru puntu baino gehiago egoten direla esan ohi da, eta hortxe egon daiteke Alavesen aurtengo arazo nagusia. Izan ere, azkenaldian Reala edota Zaragozaren aurka itxura ona eman badute ere, jaitsiera postuetatik ihes egiteko lehian diren taldeen aurka oso emaitza eskasak bildu dituzte.
Taulan erditik beherako zatian kokatuta dauden taldeen aurka Alavesek bildutako emaitzak kontuan hartzen baditugu, ezin esan babazorroak egoera onean daudenik, izan ere, aurkari zuzenen aurka jokatutako azken zazpi partidetan lau puntu baino ez dituzte eskuratu; Alacanten aurkako 0-2ko garaipena eta Sevilla Atleticoren aurka Mendizorrotzan jasotako berdinketa. Balantzaren bestaldean, Las Palmasen, Kordobaren, Albaceteren, Celtaren eta Eibarren aurka, porrotak baino ez ditu batu, etxean nahiz Gasteiztik at.
Lau puntura
Condomina berrian gaur arratsaldean izango duena ere estilo horretako partida izango da, Murtziako taldea puntu bakarrera utz bailezakete babazorroek gaur irabazteko gai izanez gero. Javier Clemente taldetik bota zutenean sekulako bolada ona hasi zuten arren, murtziarrak berriz ere sailkapeneko azken postuetara jaitsi dira, azken hilabetean ez baitira partida bakarra irabazteko gai izan, nahiz eta Bigarren Mailako plantilarik onenetako baten jabe izan. Neguko merkatuan Ivan Alonso Espanyoli saldu izana ordaintzen ari dira. Alvaro Mejia eta alaveseko jokalari ohi Quique De Lucas berreskuratu dituen arren, Campos entrenatzaileak ezingo du Antonio Nuñez erdilaria zelairatu.
Alavesen, Javi Lopezek berriz, ere hainbat aldaketa egin beharko ditu hamaikakoan, Morenok -zigortuta dago- eta Juanjok -min hartuta dago- ezin dutelako jokatu. Astean zehar izandako arazoak gaindituta, badirudi Almiron jokatzeko moduan izango dela eta osatu berri den Natxo Garrorekin batera bikotea osatu lezake atzealdean. Aurrean, berriz, Igorrek bete lezake Juanjoren hutsunea.