Bere heriotzaren 10. urteurrenean, Geresta gogoan izan dute Zizurkilen
Joselu Geresta, «Ttotto», zizurkildarra hilik aurkitu zutela hamar urte bete ziren ostira- lean. Senide, lagun eta herritarrek bere irudia oroitu nahi izan zuten atzo ekitaldi batekin. Gogor kritikatu zituzten, bestalde, haren oroimena deuseztatzeko egin diren saialdiak.
Maider EIZMENDI |
Hamar urte igaro dira jada, martxoaren 20 hartan Jose Luis Geresta, Ttotto, Errenteriako Zamalbide auzoan hilik agertu zenetik. Senide, lagun eta herritarrek ez zuten urteurren hau ahaztu nahi izan, eta ekitaldi xume bat antolatu zuten haren oroimenean. Lehenik, Urkamendin; eta ondoren, berriz, plazan, egunerako apropos jarri zuten monolitoaren aurrean.
Txalapartariek abiatu zuten ekitaldia eta ondoren, besteren artean, urte luzetan herritik urrun izan den Jokin Arregi herritarrak hitza hartu zuen eta Gerestari bertso pare sentitu eta ederrak eskaini zizkion.
«Monolitoan lore eskaintza»
Unerik hunkigarrienetarikoa lore eskaintza izan zen: lehenik eta behin, bertsotan aritu ostean, ilobek egin ziotena; eta ondoren, bere amak egin ziona. Monolitoaren oinetan utzi zuen hark lore sorta ederra, herritarren txaloen artean, betiko moduan.
Bestalde, zizurkildarraren heriotzaren nondik norakoak oraindik ere argitzeko daudela salatu zuten, oraindik «justizia arrastorik» ez dela izan nabarmenduz. Aitzitik, egiten diren saialdi bakarrak bere oroimena deuseztatzeko asmoarekin abiatzen direla kritikatu zuten. Izan ere, iragan urtean, Ttottoren heriotzaren urteurreneko ekitaldiaren ondotik, Madriletik abiarazi zituzten berari eta Joxe Arregiri eskainitako plazak izenez aldatzeko eta euren omenez jarritako monolitoak kentzeko saialdiak.
EAJ alderdia izan zen, ordea, bi zizurkildarrei eskainitako plazak «biktimak iraintzen zituela» argudiatuta, Udalbatzan mozioa erregistratu zuena. Ezker abertzalea Udaletik kanporatuta, gainerako alderdien botoekin, aho batez erabaki zuten Joxe Arregi eta Ttotto plazei izenak aldatzea, eta haietan jarrita zeuden monolitoak kentzea. Atzo, ordea, betiko tokian, «bere plazan», jarrita zegoen kendutako monoli- toaren erreplika eta paretan, berriz, Gerestaren irudia marraztuta.
Ekitaldi berean gogora ekarri zuten Joxe Arregi herritarraren oroimena eta oso presente egon ziren, halaber, Zizurkildik ehunka kilometrotara preso diren herritarrak, Ander Geresta eta Mikel Egibar hain zuzen ere.
Hain zuzen ere, azken honek mezu sentitua helarazi zien herritarrei, gogora ekarriz 1999ko martxoaren 20 hartako sentipenak. «Orain dela 10 urte Ttotto erail zuten eta gertakizun latz horrek, une horretan bakoitza bizitzen ari ginena betirako kristalizatu zuen gure buruan; duela 10 urte Soto del Realeko espetxean lehenengo egunak ematen ari nintzela leihotik kide batek oihu- katuta jaso nuen berri latza», oroitu zuten.
«Etorkizunari begira»
Nabarmendu zuen «oraindik ere gure herriak pairatzen duen errepresio itzelak, orain arte lortutako aurrerapenak argi ikustea zaildu egiten duela», baina zalantzarik ez izateko gaineratzen zuen, «Euskal Herria desagerrarazteko bi estatuek zituzten asmoek eta xedeek porrot egin dute-eta».
Etorkizunari beste begi batzuekin begiratzeko gonbita egiten zien herritar guztiei Mikel Egibarrek mezu horren bidez: «Gure borroka doituz, etorkizunean eraiki behar dugun Euskal Estatua sortzeko behar den marko demokratikoa uste baino eskuragarria izango dugu».
Erreferentzia egin zion irlandar errepublikanoek maiz erabili ohi duten esamoldeari. «`Gure eguna iritsiko da' esaten zuten haiek; baina guk jakin badakigu garaipenak ez direla berez, besterik gabe iristen; borrokaren bidez irabazten direla. Beraz, `gure eguna iritsiko da' bai, baina Euskal Herriko etorkizuna gaurdanik eraiki dezagun», ohartarazi zuen.
Iaz kendu zuen Udalak «Ttotto» zenaren oroimenez jarritako monolitoa; atzoko ekitaldian haren erreplika jarri zuten eta senide eta lagunek haren oinetan lore eskaintza egiteko aukera izan zuten.
Mikel Egibar preso zizurkildarrak mezua helarazi zuen kartzelatik, eta Euskal Herriko etorkizuna gaurdanik eraikitzeko premia nabarmendu zuen bertan.