GARA > Idatzia > Kirolak > Mendia

ESKALADA Austria

Beat Kammerlanderren kalitatezko puntu gorria

Eskalatzaile austriarrak «Prinzip Hoffnung» bidea era askean igo du. Marraren ezaugarri nagusiak artesi finak dira, eta zailtasuna, 8b/b+ eta E9-10.

p045_f01.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Nahiz eta 50 urte beteak izan, Beat Kammerlanderrek aski ondo erakutsi du oraindik borrokatzeko prest dagoela. Eta, jakina, den-dena ematen duenean, emaitza bikainak erdiesten ditu. Horrela izan da bere ibilbide osoan.

80eko hamarkadan, esaterako, bai Bouxen, baita Verdonen ere, goi mailako eskaladak sinatu zituen; dagoeneko abangoardian zegoen. Ez du inoiz atzean geratu nahi izan, eta Ratikoneko paretak aipatzen ditugunean, uste dugu den-dena esanda dagoela. Hormatzar enblematiko horietan beti zailtasuna izan du helburu, eta hori guztia oso estilo eta etika onarekin biribildu du. Nork ez du entzun Ratikonek duen giro alpinoa? Nork ez ditu entzun edo irakurri Kammerlanderrek «Geschichte» (8b+, 420 m) edo «Silbergeier» (8b, 240 m) bideetan izaniko eskarmentuak?

Oraingo honetan, berriz, eskalatzaile austriarra beste ekarpen batekin datorkigu. Eta hari esker, hedabideetako lehenbiziko lerroetara hurbildu zaigu. Duela aste pare bat, Kammerlanderrek esku artean zuen proiektu bat bukatu berri du. Austriako Vorarlberg herrian dagoen Burser Platte paretan sinatu du. Bideak «Prinzip Hoffnung» izena du, eta oso berezitasun aipagarriak ditu.

Eskalatzailea 40 metroko garaiera duen plaka baten aurrean jarri zen; oso laua, gainera. Haustura bat ere badu plaka horrek; goitik behera igotzen den arrakala fina baino finagoa.

Horrela bada, zailtasun teknikoari dagokionez, edonork pentsa dezake gogorra izango dela; eta, jakina, ez du hutsik egingo. Kammerlanderren arabera, 8b/b+ da. Eta hori guztia gutxi balitz, aipatu zein azpimarratu behar da austriarrak berak segurtasun gailu guztiak igotzen ari zen bitartean jarri zituela. Ez espitik ez paraboltik, soilik fisurero eta friend txikienak.

Behin bidea kateatu edo puntu gorria jarri ondoren, eskalatzaileak adierazi du bideak buruhauste asko eman zizkiola: «Gau asko lorik egin gabe eman ditut; beti, bidearekin ametsetan. Sabaitik zintzilik dagoen ur tanta bat bezala sentitzen nintzen. Argi dut lortu dudan beste urrats handi bat izan dela».

«prinzip hoffnung»

40 metro luze da bidea, plaka leuna eta behetik gora igotzen den artesi fin bat eskalatu behar da. 25 metrora, berriz, marraren giltza: ezker eskuineko zeharkaldia helduleku txikiekin.

bide berezia

Zailtasun tekniko handiak ditu (8b/b+), eta, horrez gain, arrisku handia (E9-10). Kammerlanderrek segurtasun gailu guztiak eskalatzen ari zen bitartean jarri zituen

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo