GARA > Idatzia > Kirolak > Pilota

Binakakoa Baigorri

Ibarrolak eta Ozafrainek, egungo txapeldunek, lehen puntua eskuratzeko uste baino lan gehiago izan zuten

J.L. | BAIGORRI

Binakako Txapelketako bigarren fasea atzo abiatu zen Baigorrin, jendetza handiarekin. Ligaxkako lehen bi partidak jokatu ziren, eta lehenengoan, Sorhuetek eta Etxetok 40-22 irabazi zioten Larretxeari eta Waltariri. Bigarrengoan, Ibarrolak eta Ozafrainek, egungo txapeldunek, 40-32 irabazi zioten Bielleri eta Ducassouri.

Lehen partida kaskarra suertatu zen, 55 minututan lortu baitzuten garaipena Sorhuetek eta Etxetok. Norgehiagoka aitzinetik izan zuten kontrolpean, erraz eraman zuten aurrera, aparteko partidarik egin gabe. Larretxeak ez zuen bere maila eman, ezta Waltarik ere. Kubatarrak binaka jokatzen duenean asko jaisten du bere jokoa, eta gibelean ari baldin bada, are eta gehiago, eta atzo horixe gertatu zen. Galtzaileek 17 pilota galdu zituzten, eta horrela ezinezkoa da garaipena erdiestea

Partzialak honakoak izan ziren: 13-1, 16-11, 23-11, 28-12, 33-14, 37-21 eta 40-22. Sorhuetek hamar kintze egin zituen saketik, eta lau Larretxeak.

Bigarren norgehiagoka hobea izan zen, baina txapeldunek ez zuten hutsik egin. Ibarrolak eta Ozafrainek 40 eta 32 menderatu zituzten Bielle eta Ducassou. Azken hauek ez zuten lortu bigarren fasean aritzeko txartelik, baina azken orduko bajak medio, lehen faseko finala galdu zuen bikoari eman diote parte hartzeko parada, eta atzokoan itxura bikaina eman zuten.

Txapeldunak ongi hasi ziren, eta denbora gutxian 19-3 aitzineratu ziren. Bielle eta Ducassou, aldiz, oso urduri, presio handiarekin hasi ziren, eta horrek eragina izan zuen, konturatzerako faboritoek ia partida erabakita baitzuten, 27-14rekin, eta galtzaileek ia aukerarik ez zutela ikusi zutenean lasaitu eta hasi ziren beren jokoa egiten, eta horrek tanto asko eman zizkien, 33-31ra hurbildu baitziren. Baina, horretara heltzeko egin behar izan zuten lana nabaritu zuten, eta amaieran ezin izan zuten irabazi.. Partidak 69 minutu iraun zituen, eta partzialak honakoak izan ziren: 8-3, 19-3, 20-8, 27-14, 31-21, 33-31 eta 40-32. Ibarrolak 9 tanto egin zituen saketik, eta Biellek 11.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo