GARA > Idatzia > > Eguneko gaiak

Juanita Urbizu zegamarrak ehun urte beteko ditu bihar

Ehun urte, milaka pasadizo eta lezio

Biharkoa egun handia du Juanita Urbizuk. Ehun urte beteko ditu eta ilobak ere jai hartu du bazkaritan joateko. Bizitzak pasara handiak eman dizkio eta daukanarekin konformatzen irakatsi. Irribarrerik galdu gabe kontatu dizkio, gainera, GARAri ehun urteotan bizitako gorabehera asko.

p004_f01.jpg

Maider EIZMENDI

Irribarretsu eta dotore hartu gaitu Juanita Urbizuk bere etxean, Donostiako Gros auzoan. Zegaman, Arizti-erdikoa baserrian jaioa da 1909ko martxoaren 25ean eta bihar bere ehungarren urteurrena ospatuko du familiaz inguratuta. «Ni baino aztoratuagoak daude beraiek nire urtebetetzearekin», dio barrezka, alaba eta iloba jira eta buelta ikusten dituenean larunbatean Zumarragan antolatu dioten festako gorabehera guztiak prestatzen. «Lehengo urtean ere bazkari handia egin genuen, pentsatzen zuten nonbait ez nintzela ailegatuko ehun urtera, baina hemen nago ni oraindik, ehun urterekin». Sekretupean gorde dituzte senitartekoek jaiaren nondik norakoak, baina isilpeka kontatu digute, seguru daudela asko emozionatuko dela.

Zer moduz dagoen galdetuta, berehala erantzuten du: «Osasunez ondo, nik ez dut inolako errejimenik egiten, ez dut ehun urterekin hirurogeirekin bezala jaten baina...; baina belaunak dauzkat izorratuta». Alabak aldamenetik erantzuten dio, askok nahiko luketela izan bere adinean berak duen osasuna, baina «kexatzea libre» dela erantzuten dio berak.

Belaunetako ezinak ez dio, ordea, egunero bazkal aurretik egiten duten paseotxoa edota etxean hain estimatua duten laguntza ematea eragozten: «Saiatzen naiz laguntzen baina batez ere endredu handirik ez ematen. Eserita egoteko eta eserita egoteko esaten didate, baina belaunak gogortzen zaizkit horrela», esaten du etxekoei begira. Gainerakoan, «albistegia entzutea eta egunkariari errepasoa emanda oheratzea» ditu urteetan mantendu eta ahal duen bitartean behintzat galdu nahi ez dituen usadioak.

Ehun urteko errepasoa egitea zaila egiten zaio: «Nik ere gogoratzen ez ditudan gauza asko bizi izan ditudalako». Zaila izaten da, halaber, nork bere bizitzako pasadizo eta bizipenen artean pozgarri edota hoberenak aukeratzea, are gehiago ehun urteko ibilbidean, baina, aukeran, bizimodurik lasaiena orain duela dio. Ehun urte hauetan bizi izandako egunik latzenen gainean berriz ez du inolako zalantzarik egiten: «Gerra garaia eta ondorengo urteak ikaragarri txarrak izan ziren».

Zer kontatu eta irakatsi asko du zegamar honek. Bederatzi anaien artean hirugarrena, zazpi urte zituela Pasaiara joan zen izeba eta osabengana. «Gure aita artzaina zen eta horrenbeste seme-alaba artalde txiki batetik ateratzeko modurik ez zegoen». Lehengusuak zaintzen jardun zuen urte haietan. «Gaur egun zazpi urteko umeak zaindu egin behar izaten dira; orduan, nik zazpi urterekin txikiagoak zaintzea tokatu zitzaidan, gauzak asko aldatu dira». Bertan bizi izan zen hemezortzi urte egin arte. «Gripe epidemia handia izan zen eta orduan ez zegoen medikamenturik eta nire osaba hil egin zen; nire izeba orduan beste gizon batekin ezkondu zen eta ni ez nintzen gustura sentitzen, eta Donostiara etorri nintzen neskame, hori zen-eta ofizio nagusia», kontatzen du. Hiriburuan igarotako urteetan ezagutu zuen gerora bere senarra eta bere alaba Benardiren aita izango zena.

Gerraren ebakia

Garaiko pertsona askori bezalaxe, 1936ko gerrak ordea, esfortzu handiz egonkortzea lortu zuen bizimodua hankaz gora jarri zion. Gerratik ihesi Pasaiatik Bilbora eraman zituzten eta ondoren handik Santanderrera eta azkenik Gijonera. «Bertan bizi ziren nire aitaginarreba eta amaginarreba eta bertan bizitzen geratu ginen senarra eta hiru urteko alaba». Gerrak ordea, gero eta gertuagotik mehatxu egiten ziela ikusita, Estatu frantseserako bidea hartzea erabaki zuten. «Nik esan nion senarrari gurasoek ondo zainduko zutela alaba eta bere ondoan geratuko nintzela, baina hark joateko eta gerra baretzen zenean ikusiko ginela esan zidan; gehiago ez dut ikusi», gogoratu du triste.

Gerora jakin zuen Bartzelonara ere iritsi zela, baina inoiz ez du haren arrastorik gehiago izan. Ez zen senarrarena gerrak bere bizitzan utzitako hutsune bakarra. Ehunka kilometrora bere jaiotetxean ere triskantza egin zuen. «Nire aita ez zuen herriko jendeak eraman, baina bila etorri zirenek bazekiten zeinengana zetozen. Sorotik eraman zuten konfesatzera eta bertako fraideak ere esan zieten gizon inuzente bat ari zirela eramaten, baina kasurik egin gabe hil zuten; anaia joan zen bila eta kotxetik ateratzeko betarik gabe hil zuten, haren berri gehiago ere ez genuen izan. Badakigu anaia Urbasa aldean dagoela lurperatuta, bertako ikazkinek ezagutu zutelako eta esan zigutelako. Aita, berriz, inguruan errepide bazterren batean, nire osabak ere ikusi zuen hilik». Batean eta bestean gerran hildako pertsonen gorpuzkinak aurkitzeko egin diren saakeren gainean, isilik geratzea ia nahiago, ez ditu ahaztuko sekula etxekoak, baina une haiek berriz ere aireratzeak samin handiegia eragiten dio.

Aitaginarreba eta alabarekin Estatu frantsesera egin zuen bidaiari berriz helduta, irribarretxoa egiten du. «Gajoak, barkuan abiatu eta hasieran alde egitea lortu genuen, baina gerora `Cerbera' ontziak hartu eta denak Galiziara bidali gintuzten», gogoratzen dute alabak eta berak. Eta handik, Pasaiara berriz ere bueltan. «Gauzak bitan egingo bagenituzke, bigarrenean hobetuko genituzke, baina aita ere hil zuten ordurako eta beldurragatik Pasaia utzi genuen». Zazpi urterekin utzitako jaiotetxera egin zuten bidaia. «Gizon guztiak gerran, emakumeak besterik ez ginen etxean, oraindik ere gaztea zen anaiarekin. Trenbidean egiten zuen lan baina hark ez zuen guztiak mantentzeko adina irabazten eta inoiz baserrian aritu ez banintzen ere, ikasi nuen berehalakoan aitzurrean... Zer erremedio, bestela gosez hilko ginen guztiak baserrian!».

Legazpian, ahizparen etxean, beste egonalditxoa eta bertatik Donostiara, berriz ere neskame lanetara. «Egunak argitzerako lanera joan eta ilunduta berriz ere etxera buelta». Lana, lana eta lana, «horixe, nire bizimodua». «Amari ere galdetu izan nion ia ni enkargatu nindutenean ere lanean ari ote ziren, orduan besterik ez baitzen egiten; horrelako gauzak ez zirela galdetu behar esaten zidan, badakizu lehen dena isildu behar izaten genuen, dena zen bekatu», kontatzen du algara batean.

Familia handia inguruan

Alaba ezkondu zenean etorri zitzaion atsedena. «Orduan etxean geratu nintzen etxeko martxa eramaten; sobran ez dugu ezer izan, baina ondo moldatu izan gara». Sonatuak dira oso senitartekoen artean Juanitak etxekoei, batez ere bi bilobei, prestatutako bazkari oparoak. Egun, haien seme-alabek, Gorka eta Lorea birbilobek ematen diote bizipoza. «Orain umeak asko dakitela jaiotzen dira, endredoa ematen dute, baina poza askoz ere handiagoa». Hirugarren birbiloba bidean datorrela aurreratu digu.

Eurekin euskaraz mintzatzen da, urte askoan erabilera handirik eman gabe izan bazuen ere, barru-barruan gordeta izan duen euskara jatorra baitarabil ahotan. «Hizkuntza ez da ahazten, baina egia da erabiltzen ez bada, gero kosta egiten dela halako edota bestelako esaten, baina ahaztu, ahaztu, nahi duenak egiten du». Komeriak birbiloba txikiekin izaten ditu gehiago: «Ez naiz oso ondo moldatzen, horiek euskara berrian ikasten dute eta hitz asko ulertzea kosta egiten zait».

Egungo gazteak hizpide hartuta, «gazteak eta hain gazteak ez direnak ere oso zoroak dira, ez al da egia?», galdegiten du. «Jendea edozein modutan janzten da, edozein lekutara joatean da...Urte gutxian gauzak asko aldatu dira».

Modak ez ezik, inguruak ere asko aldatu dira, «Pasaia bera ez dago ezagutzeko moduan». Baina batez ere batetik bestera mugitzeko joera aldatu dela dio. «Pasaiatik Donostiara tranbian etortzen ginen eta eskurtsio modukoa zen, orduan ez baitzen autorik. Zegamara ere apenas joaten ginen, denbora asko behar baikenuen; baina orain trenean hara eta hona ibil zaitezke. Ni orain gutxi Zumarragara joaten nintzen nire ilobengana masajeak hartzeko, lehen pentsaezina zen», azaldu du.

Bere burua zaintzea asko gustatu izan zaio betidanik: «Nik ez dakit noiz hasiko nintzan ezpainak margotzen. Nire senarra bizi zela, hark esan zidan behin ez margotzeko, baina segituan onartu zidan askoz ere hobeto nengoela margotuta... Merkeagoarekin edota garestiagoarekin, bizitza osoan margotu izan ditut ezpainak. Gauza asko ez dut izan, baina izan dudana soinean jartzea asko gustatu zait».

Barre artean, burua etorkizunean ere jarria du: «Hor goian norbait badago, azkar eta ez nik eta ez nire ingurukoak sufritu gabe hiltzea eskatzen diot, lehen ere nahikoa sufritutakoak gara-eta».

Hala ere, oraindik ere bizipoz handia du Juanita Urbizuk eta horren seinale egiten digun agurra. Ez du adiorik hartzen ahotan; «hurren arte!» indartsu bat jasota utzi dugu bere etxea. Bada, zorionak eta berriz ere nahi duzunera arte!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo