GARA > Idatzia > Iritzia > Ikusmira

Irteera eta irtenbidea ez dira gauza bera

Obamak argi utzi zuen hasieratik, baita hauteskundeak irabazi aurretik ere, bere ustez Irakeko eta Afganistango egoerak zeharo desberdinak zirela. Afganistango okupazioari zilegi irizten zion. Irakeko okupazioa, ordea, bidegabea edo gutxienez ez-zuzena zela uste zuen. Hartara, Iraketik irteteko proposamena defendatuz ailegatu zen gobernuburu izatera. Baita Iraketik ateratako tropak Afganistanera bideratuko zituela esanez ere. Era honetan, Bushek egindakoa zalantzan jartzen zuen, hein batean bada ere. Baina, aldi berean, AEBek nazioartean hegemonia defendatzeko duen «eskubidea» defendatzen zuen.

Iraketik tropak ateratzeko epeak eta erak finkatu gabe dauden arren, Afganistanerako bidai-orria markatu du Obamak. Epe ertainerako helburua handik irtetea dela adierazi du. Porrota erabateko izan da bi ekimen inperialista hauetan. Gainera, krisi garaian honelako ekimenen bideragarritasuna zalantzan geratu da. Antza, interes geoestrategikoen defentsan, salneurria kontuan hartu behar da.

«Way out» hartuta, aurreko Administrazioak egindakoa konpontzen ari dela pentsa dezake Obamak. Baina irteera eta irtenbidea ez dira gauza bera. Bi herrialde hauetan egindako kaltea konpontzeko formularik ez du aurkeztu. Areago, egonkortasuna eta kontrola ziurtatu nahi ditu, modu hagitz kolonialean, gainera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo