GARA > Idatzia > > Euskal Herria

EHEk ofizialtasunaren aldarrikapenaren funtsak azaldu ditu liburuxka batean

Euskararen aldeko aldarrikapen, lelo edo terminoen mamia ezagutarazteko liburuxka kaleratu du EHEk. Gainera, eskura dauden aukerak azaldu eta baliatzera animatu ditu herritarrak, batez ere administrazioan.

p018_f01_148x104.jpg

Arantxa MANTEROLA |

Euskalgintzako beste hainbat erakunde bezala, Euskal Herrian Euskaraz-ek (EHE) urteak daramatza hizkuntza eskubideen defentsa egiten eta euskararen ofizialtasuna aldarrikatzen. Eguneroko lan horretan dabiltzanek hizkuntzaren problematika ondo ezagutzen badute ere, EHE ohartu da, maiz askotan herritarrek ez dakitela erabiltzen diren terminoen, datuen, informazioen edo leloen atzean zer dagoen.

Horren guztiaren mamia azaltzeko argitaratu berri duten liburuxka aurkeztu zuten atzo, Baionan, Yves Matxikotek eta Igone Lamarainek. «Ofizialtasuna betiko leloa, betiko beharra» izenburuarekin, 5.000 ale banatuko dituzte Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan.

Hamabi orriotan kontzeptu nagusien edukiaren errepaso pedagogikoa egin dute. Hala, «ofizialtasuna lema huts baino askoz gehiago» dela azaltzen du EHEk, edota hizkuntza politikaz mintzatzerakoan zertaz ari diren, eta Hizkuntza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren pasarte esanguratsuak jaso ditu.

Mito eta ideia faltsuak

Egun euskararen egoera zertan den aipatzea ez dute ahantzi. Esaterako, iaz Parisen hizkuntza gutxituen gaiarekin izan zen «sasi eztabaida» eta «egunerokotasunean Estatu frantsesak daraman politika suntsitzailea» gogorarazten dituzte. Barneratuak diren hainbat «mito eta ideia faltsu» ere agerian utzi dituzte, adibidez, euskara galtzea euskaldunon errua dela, aski ez erabiltzeagatik: «Autoflagelazio jarrera hori bere lekuan jarri behar da. Izan ere, gehienetan ez baita aipatzen euskaraz jardutea nahi dugun herritarrok trabak eta debekuak besterik ez ditugula aurkitzen», esan zuen Matxikotek.

Bestalde, udaletan eta administrazioan euskararen aldeko deliberoak eta neurriak har ditzaten «presio egitera» animatzen ditu herritarrak. Era berean, «Euskaraz Bai» eta antzeko dinamikak baliatzera edota, laster batean, gainean dugun Korrikan parte hartzera ere deitu zuen Lamarainek, «euskara menpekotik lehentasunera» eramateko «euskaldunok egin behar baitugu akuilu lana».

«Jakobino eta espainolistentzat ez dago Euskararen Herririk»

Hitz gogorrak izan zituzten EHEko kideek azkenaldian zenbait politikari eta administrazio-arduradunek egindako adierazpenen aurrean. Unescok hizkuntzen egoeraz egindako maparen harira Frantxua Maitia EEPko lehendakariordeak esandakoak edota Patxi Baztarrika Lakuako Hizkuntz Politikaren zuzendariarenak «lotsagarriak eta salagarriak» direla esan zuten. Euskararen egoerak zertxobait hobera egin badu, «botereak daraman politikari esker» izan dela esatea «ahalkegarria» iruditu zaie. «Ba al dakite politika hori ari dela euskara hiltzen?» galdetu zuten, jokabide horregatik «epaitegian zigortuak» izan beharko luketela nabarmenduta.

Araba, Bizkaian eta Gipuzkoan aurreikusten den gobernu aldaketagatik Ipar Euskal Herrian zenbaitzuk kaleratu duten kezka ez zaie, bestalde, «normala» iruditzen: «Gure hizkuntzaren geroa boz batzuen eraginpean izatea ezinezkoa da, are eta gutxiago hizkuntza komunitatea zatiketan oinarritzen duen administrazio baten pean. Jakobinoen eta espainolisten proiektuan ez da kabitzen Euskararen Herria bat dela eta izaera hori kontuan izatea ezinbestekoa da» . A.M.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo