GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Garapen iraunkorraren aldeko astea, izadiaren baliabideak ezagutu eta babesteko xedearekin

Idoia ERASO |

Garapen iraunkorraren aldeko asteak antolatu dira Hazparneko herri elkargoan, Hendaian eta Baionan hiritarrei kontzientzia hartzeko bideak irekitzeko. Gizakia ezinbesteko eragilea dela jakinik, iraunkortasuna bultzatzeko ekintza konkretuak sustatu nahi dituzte.

Hendaiarako prestatutako egitarauak, apirilaren 1etik 7ra, bereziki hiru helburu landuko ditu. Garapen iraunkorraren kontzeptua azaltzea, norberak eguneroko jarrerak beregana ditzan bultzatzea eta azkenik aterabide zehatzak ekartzea.

Hazparnen martxoaren 30etik 5era izango da ekimena, eta helburu nagusia izango da herritarrak jabetu daitezela egungo ekintzek etorkizunean eragiten dituzten ondorioz. Aldi berean, Mendeala gelan Eko-hiritar azoka antolatuko dute, erakusketa, hitzaldi eta baliabide ugari bilduz.

Baionako Herriko Etxeak, bere aldetik, erakusketa baten inguruan antolatu ditu ekintzak: apirilaren 4tik aurrera zabalik izango da Plaine d'Ansoten egingo den «Intsektu indartsuak» erakusketa, hain zuzen ere. Erakusketa baliatuta Ansoteko eremua ezagutzera ere gonbidatu nahi dituzte biztanleak, baita haraino bidea egitera ere Herriko Etxeak doan utziko dituen bizikletetan.

Kontsumo iraunkorra

Hendaian kontsumo iraunkorra bultzatu nahi dute. Adibide gisa, nabarmentzen dituzte garaian garaiko fruitu eta barazkiak jatea, bonbila ekonomikoak ezartzea edo gidatzeko era aldatzea kontsumoa murrizteko .

Hazparneko ekimenak bereziki haurrei eta enpresei begira prestatu dira. Abiapuntutzat hartu dute, arduraraztearekin batera, ingurumenaren alde ekiteko ere baliabideak eskaini behar zaizkiela herritarrei.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo